GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-10-21
Presoen trukea bertan behera utzi du Alvaro Uribek
Militar Eskolan joan den ostegunean izandako atentatua aitzakia hartuta, bertan behera utzi du Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak FARC gerrillarekin abiatutako bake prozesua. Gerrillak eta Gobernuak hitzartutako presoen trukeak, beraz, ez du aurrera jarraituko.

BOGOTA

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko presoen trukea bertan behera utzi zuen atzo Kolonbiako presidente Alvaro Uribek. Bezperan, Bogotako Gerrarako Goi-mailako Eskolan izandako leherketaren ondorioz hartu du erabakia.

Eskola hiriburuko azpiegitura militar ugariren egoitza da. Atentatugileak auto bat zartarazi zuen, eta, kalte materialez gain, 23 lagun zauritu ziren. Uribek FARCi egotzi zion erasoaren ardura, baina, talde gerrillariak Amerikako Estatu Batuei (AEB) leporatu zien, haren ustean, Kolonbia «desegonkortzeko» eta bake prozesua geldiarazi nahi dutelako. Ildo beretik, Anncol albiste-agentziak esan zuen bake prozesuaren porrota eragiteko asmoz militarrek prestatutako ekintza izan daitekeela. Artikuluan gogorarazten dute beste batzuetan ere Armadak bere buruari erasoak egin izan dizkiola helburu politikoak lortzeko.

Akusazio horiek egia edo gezurra izan, Gobernuak eta FARC gerrillak azken lau urteotan lortutako aurrerapausorik handiena hutsean gelditu da. Duela aste bi, Uribek onartu zuen presoen trukea egiteko Caucako bailara toki «franko» bihurtzea; hau da, bertan militarrak ez sartzeko konpromisoa hartu zuen. Hori beteta, FARC prest zegoen bahituta dituen 59 soldadu, poliziakide eta politikari 500 bat gerrillari presoren truke aldatzeko.

Negoziazioaren irtenbidea, baina, bazterrean utzi du Uribek. «Bahituen erreskate militarra eta militarra da orain bide bakarra», baietsi zuen atzo. Kolonbiako presidenteak jakinarazi zuen erasogileak FARCeko buruzagi militarrari ustez igorritako mezu bat topatu dutela, eta, Uriberen aburuz, horrek erakusten du atentatua gerrillaren ekintza izan dela.

Bestalde, Uriberen erabakiak bahituak «heriotzara zigortzen dituela» iritzi zion Ingrid Betancourt bahitutako politikariaren amak, Yolanda Puleciok.

Heriotzei buruz ere, datu beldurgarriak plazaratu ditu Kolonbiako Giza Eskubideen Behatokiak. Uribek agindu duen lau urteotan 11.000tik gora lagun indarkeriaren ondorioz hil edota «desagertu» direla jakinarazi zuen erakunde horrek.

Behatokiak ohartarazten du, halaber, Estatuak «legez kanpoko exekuzioetan» izandako parte-hartzea %60 areagotu dela. Segurtasunaren aitzakian Gobernuak bultzatutako atxiloketen politikak ere ondorio larriak izan ditu Kolonbian. Era berean, gizartearen eta erakundeen «paramilitarizazioa» handitu dela baietsi zuen.

ELN eta Gobernua, gaur, Kuban

FARCekin ez bezala, ELNrekin ­Kolonbiako bigarren gerrilla taldea­ Gobernuak hasitako prozesuak aurrera jarraitzen du. Gaur, Habanan abiatzekoa dute negoziazioen laugarren atala. ELNko buruzagi Erlington Chamorrok atzo esan zuenez, lekualdatuen arazoa elkarrizketa horretako ardatz izango da. Kolonbiako gerraren ondorioz, ia lau milioi lagunek etxeak utzi behar izan dituztela gogorarazi zuen Chamorrok.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Euskal ipuingintzaren aldeko aldarrikapen nahi luke Iban Zalduak bere Euskadi saria
Jendartea
Mundua baino zaharragoa ez ezik, Europa baino zaharragoa ere bada Euskal Herria
Iritzia
Ugalkortasuna, hausnarketarako gai
Ekonomia
Kutxa afirma que «no tiene nada que esconder»
Euskal Herria
«Cadena perpetua» a otros dos presos políticos vascos
Euskal Herria
Garzón imputa a tres mahaikides por actos de autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss