GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-10-21
Maite ARISTEGI | Nazio Garapenerako Biltzarreko kidea
«Konpromisoak hartzeko garaia da, eta Burlatakoak horren isla izan behar du»
«Teorizaziotik praktikotasunera pasatu: ariketa interesgarria izango da». Hilaren 28 eta 29an Burlatako kultur etxean egingo duten EH’06 Nazio Eztabaidaren mamia horrela laburbildu du NGBko kide Maite Aristegik. Herritarren eta eragileen parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du, «Euskal Herria garatzeko gutxienekoetan ados jar gaitezen».

Ekarpenak nahi dituzte Burlatako hitzorduan, eta konpromisoak. «Elkarlana areagotu» eta joan den urtean Zarautzen finkatu zuten Nazio Plana «gorpuztu» nahi dute. Eta plangintza hori oinarri hartuta, mintzagaiak ugari izango dira: Euskal Herriaren erakundetzea, auzolana, salbuespen neurriei erantzuteko tresnak, euskal curriculuma, migrazioa, Gazteriaren Biltzarra, Hego Afrikako Eskubideen Kartaren esperientzia... «Herri bezala nola aurrera egin», horretaz jardungo dute. Hori gutxi balitz, azoka ere prestatu dute: Euskal Herrian urte osoan 40 eragilek baino gehiagok eginikoak jasoko dituena. «Izan ere, nazio eraikuntzan egiten direnak ezkutuan geratzen baitira sarritan», gogoratu du Aristegik.

­EH’06 Nazio Eztabaida. Zein berritasun dakar aurreko urtekoekin alderatuta?

Prozesu baten parte da. 2003an hasi ginenetik, hainbat urrats egin dira, eta urtez urte, garai honetan, azterketa egiteko garaia iristen zaigu. 2003koan, diagnosia egiten eta Euskal Herria non dagoen, nora joan nahi dugun eta horretarako zer egin behar dugun hasi ginen aztertzen; eta gerora bideak finkatu ziren: batetik, gatazka gainditzeko eta, bestetik, nazio eraikuntzan aurrera egiteko.

2004-koan, herri eraikuntzarako Nazio Plana zehaztu behar genuela ondorioztatu genuen, eta joan den urtekoan finkatuta utzi genuen. Aurten, berriz, zein aurrerapauso egin ditugun aztertuko dugu, eta ildo bakoitzean guztiok, herritarrek eta eragileek zein konpromiso hartuko dugun zehaztuko. Azken finean, Nazio Eztabaida horixe baita: denon artean eztabaidatu ahal izateko gune zabala; bakoitzaren lan esparrutik gainetik, bakoitzaren oinarri eta estrategien gainetik, herri bezala nola aurrera egin hitz egiteko gunea. Beraz, esan dezakegu aurtengoa dela konpromisoak sendotzeko, elkarlana areagotzeko eta Nazio Plana gorpuzteko ahalegina. Konpromiso garaia dela uste dugu eta Burlatakoak horren isla izan behar du.

­Aurten, «nola» al da kontzeptu nagusia?

Hori da: nola egiten dugun eta bakoitzak zer jartzen duen, zein konpromiso hartzen duen, zein indar egiten duen, zein erantzukizun hartzen duen Nazio Planean zehaztutakoa gauzatzeko.

­Iaz, Zarautzen, Euskal Herriak dituen hutsune estrategikoak hitzartu zenituzten. Hutsune horiek nola bete daitezke?

Finkatutako ildoei begira, hutsuneei aurre egin asmoz, zein aurrerapauso egin diren aztertzen dugu urtero Nazio Eztabaidan, non ez dugun behar beste egiteko gaitasunik izan, zer indartu edota aldatu behar den... Burlatan ere errepaso hori egitea egokituko zaigu.

Betiere, lurraldetasunaren, eskubideen, parte-hartzearen eta integraltasunaren irizpideak iparrorratz hartuta. Parte-hartzearena nabarmendu nahi dut, hori baita gure funtsa. Jakitun gara hemen ez gaudela guztiak, baina ez dauden horiei esan nahi diegu Euskal Herria aintzat hartu eta bere garapenean indar egin nahi dugun guztiok dugula tokia Nazio Eztabaidan.

­Nazio Planeko zein lan-ildok hartuko du garrantzi berezia 28 eta 29ko hitzorduan?

Bereziki bi nabarmendu nahi ditugu. Lehena, Euskal Herriaren instituzionalizazioa. Gabezia izugarria dugu euskal erakunde egoki bat ez daukagulako. Udalbiltza zatitua dagoene- tik gabezia bistakoa da, eta behar-beharrezkoa ikusten dugu Euskal Herriaren garapenerako Udalbiltza berrantolatzea eta hor pausoak ematea.

Gainera, garai egokia dator Euskal Herri osoan hauteskundeen atarian gaudelako, eta egungo egoera politikoak ere lagun dezake egon daitezkeen diferentziak alboratzeko eta berrantolaketara jotzeko. Bigarren arlo nagusia auzolanarena da. Auzolanarena, izen horrekin edo beste batekin, oso bizirik daukagu Euskal Herrian.

Oso herri gutxi egongo dira auzolana hainbeste garatzen dutenak. Euskal Herriak bizirik irauteko eta garatzeko auzolandegi bat, indarrak metatuko lituzkeena, oso onuragarria izango litzateke.

Noski, lehentasunak zehaztu beharko genituzke, zertan egin beharko genukeen indar, eta hainbat urrats egin auzolana bera gauzatzeko: boluntarioak lortu, dirua... «Nola» galderari erantzun behar diogu horretan ere, guztion konpromisoarekin.

­Testuinguruak testuinguru, Euskal Herria eraikitzen jarraitu beharra dagoela esan duzue maiz. Hala ere, egungo une politikoak lagundu ere egin dezake.

Daukagun abagunea aprobetxatu egin behar dugu. Premia izugarria da, eta giroa lagungarri denez, oraintxe aprobetxatu behar dugu. Gatazkarenak bere bidea jarraituko du, eta herri eraikuntzaren ildoan jarraitu beharra daukagu: ateak irekita, ez daudenei hemen egon daitezen dei eginez eta konpromisoak gure gain hartuz. Indarrak batu behar ditugu, beste aldetik erasoek jarraitu egingo baitute.

­Hain justu, salbuespen egoerei eta estatuen erasoei herri bezala nola erantzun ere hitzartu nahi duzue. Neurririk badaukazue mahai gainean?

Erasoei erantzutearena, irekirik dugun ardatza da eta eztabaidagai izango dugu. Gure herriaren nortasuna errespetatu nahi ez dutenek oztopoak jartzen jarraituko dute, eta halako abaguneetan are gehiago; horren erakusgarri da PPren egungo jarrera. Horregatik metatu behar ditugu indarrak erasoei erantzuteko. Zoritxarrez, oraindik ez gara gai izan tresna bateratuak hitzartzeko. Orain arte, erantzunak bakoitzak bere aldetik eman ditu, bakoitzaren babes-taldeak sortuz eta beste. Baina konpromisoa baldin badago, Burlatatik erasoei erantzuteko batzorde bat eta protokolo bat sor daitezkeela uste dugu, eragile guztien babesarekin. Eta aldez aurretiko erantzuna ere presta daiteke, askotan zer datorren ere bai baitakigu eta gero berandu izaten baita.

­Euskal Herriak bizi duen egoeraren azterketa berritzeko asmoa ere baduzue Nazio Eztabaidan. Zerk ekarri du behar hori?

Gurea tresna dinamikoa da eta, aldaketen ondorioz, Euskal Herrian sarritan izaten baitira, aurreko urtean egindako diagnosia ere moldatzeko beharra izaten dugu. Eragileen beraien eskaeren eta ekarpenen ondorio da. Lehentasunak finkatzea dakar horrek: unean-unean, nondik jo zehaztea.

­29rako hainbat lantegi prestatu dituzue. Zein dira aztertuko diren gaiak, eta zein irizpideren arabera hautatu dituzue?

Nazio Planean jasotako gaiak dira, lehentasunezkoak, eta eremu zabal bat hartzen dute. Euskal curriculuma da lehena; curriculuma hitzartzen lan ga- rrantzitsua egin da orain arte eta nola aplikatu eztabaidatuko dugu. Gazteriaren Biltzarraren nondik norakoak ere azalduko dira.

Euskal Herrirako Interneten domeinu propioa izatearena ere garrantzitsua da oso. Migrazio eta aniztasun bilgune nazionalaren lantegia da bestea, bistan denez, ezinbesteko auzia. Eskolak euskaldundu behar duen gaian ere, aldarrikapenetik konpromisoetara igarotzeko garaia da. Etorkizuneko gai estrategikoak dira guztiak. Burlatara bertaratzen den edonork izango du batean edo bestean ekarpenak egin, ideiak plazaratu eta ikasteko aukera.

­Lentegi nagusia, baina, Hego Afrikako Eskubideen Kartaren gainekoa izango da. Zer ikasteko aukera izango da?

50 urte betetzen dira Eskubideen Karta osatu zutela, eta beren askapen prozesuan tresna oso garrantzitsua izan zen. Gurean ere eskubide kartak osatzen ari dira: emakumeena, Udalbiltzak nazio eskubideen inguruan egindakoa, gazteena... Tresnak sortzen ari dira, baina horiei zein erabilera eman aztertu behar dugu, ez daitezela izan apal batean gordetzeko. Horixe da ikasi nahi duguna Hego Afrikako esperientziatik. Praktikotasuna bilatzen dugu, lehen aipatutako «nola egin» hori.

­Nazio Eztabaida egingo duzuen aste horretan bertan, zehazki hilaren 25ean, beste eztabaida garrantzitsu bat egingo dute Europako Parlamentuan. Gatazka gainditzeko prozesua Europako agendan dagoela dirudi...

Gure gatazkaren izaera politikoa onartuko da Estrasburgon, eta hori oso garrantzitsua da; baita eztabaidaren premia hori alderdi guztietan barneratu izana ere. Guk gureari eutsiko diogu, ordea; etxean daukagu lana guk, bakoitzak zein konpromiso hartzeko prest gauden azaldu behar dugu, Nazio Plan hori sendotu, gorpuztu eta egi bihurtzeko bidean. -
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Euskal ipuingintzaren aldeko aldarrikapen nahi luke Iban Zalduak bere Euskadi saria
Jendartea
Mundua baino zaharragoa ez ezik, Europa baino zaharragoa ere bada Euskal Herria
Iritzia
Ugalkortasuna, hausnarketarako gai
Ekonomia
Kutxa afirma que «no tiene nada que esconder»
Euskal Herria
«Cadena perpetua» a otros dos presos políticos vascos
Euskal Herria
Garzón imputa a tres mahaikides por actos de autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss