Marta LUXAN | Euskal Herriko unibertsitateko soziologoa
«Ugalkortasuna hazteko, agian beste neurri batzuk hartu beharko lirateke»
Euskal Herriko zahartze prozesuan, hau da, ugalkortasunaren jaitsieran, eragina duten faktoreen artean, lana eta etxebizitza, denboraren erabilera eta biziraupena aukeratu ditu Marta Luxan soziologoak oraina eta etorkizuna aztertzeko. Migrazioa, generoen arteko berdintasun erreala, gazteek independizatzeko benetako aukerak izatea eta horri zuzendutako neurri politikoak egoera aldatzeko gakoak direla adierazi du.
Marta Luxan soziologoak ugalkortasunaren joera aldatzean
eragina izan dezaketen faktoreez hitz egin zuen atzo.
Ugalkortasunean eragina duten lau faktore aipatzen dituzu: lana eta etxebizitza, denboraren erabilera, bizitza luzatzea eta norberaren aukeren inguruko itxaropena. Zergatik?
Faktore horiek aukeratu ditut baina ugalkortasunean eragina dutenak asko dira. Lanaren eta etxebizitzaren kasuan, badirudi egoera hobea egongo balitz, horrek ugalkortasuna igotzen lagunduko lukeela, baina hor daukagu Asiaren kasua; justu ugalkortasunaren jaitsiera oso nabaria egon da ekonomikoki hoberen egon diren momentuan. Lanari buruz, nahiz eta langabezi tasa jaitsi den, prekarietate tasa oso zabalduta dagoela ikusi dugu. Pertsona heldu noiz bilakatzen den jakiteko, hiru
adierazle maneiatu dira soziologian: bata ekonomikoki independente izatea, eta
hori lanarekin lotuta dago; gurasoen etxetik alde egitea; eta familia eratzen
hastea. Horregatik aukeratu ditut lana eta etxebizitza. Momentu honetan sortzen
diren lan berri gehienak oso prekarioak dira, eta etxebizitzen garestitze
prozesuak etxea lortzeko lanean gure bizitzako urte gehiago pasatu behar izatea
ekarri du. Orduan, gaur egungo gazteriak zaila dauka heldu bilakatzea.
Eta denboraren erabilera nola ulertu behar da? Gizartean eratzen diren harremanei buruz hitz
egitea litzateke. Argi dago arlo pribatuetan, etxeko lanetan eta horrelakoetan,
gaur egun emakumeek lan handiena egiten dutela. Inkesten arabera, 2003. urtean
oraindik ere emakumezkoek gizonezkoek baino hiru aldiz denbora handiagoa ematen
zuten etxeko lanetan.Zaintzaren kasuan ere, umeena eta autonomoak ez diren
pertsonena, batez ere amak eta alabak egiten ari dira. Horrek desoreka dagoela
islatzen du. Emakumeen enplegu tasak emendatu dira, baina horrek ez du ekarri
erabateko aldaketa bestelako harremanetan, eta zenbait teorikoren arabera,
desoreka hori zenbat eta handiagoa izan, ugalkortasuna orduan eta txikiagoa
izango da.
Eta bizitza luzatzea eta aukeren itxaropena?
Bi horiek batera doaz. Gaur egungo gazteek eta ez horren gazteek bizitza luzea izango duten ideia dute, eta horrek umeak izateko erabakian eragin du. Baloreak ere aldatu dira, eta gaur nahiz eta bikotekidea izan, erabaki ahal da guraso ez duela izan nahi. Beste alde batetik, emakumeek bestelako helburuak dituzte, eta aldaketa ere egon da bikotearen garrantzian. Bikotea bera helburu bat da, eta ez dauka zertan lotuta egon seme-alabak izatearekin.
Deigarria da aitona-amonen papera erabakigarria.
Bai. Biloben zaintzan duten papera oso garrantzitsua da. Emakumeek paper garrantzitsuagoa dute, hor dago amonaren sindromea, baina badago alde positibo bat. Aitatasuna berriz definitzen ari den momentu honetan, aitonen portaera aztertu behar da, orain 40 urte euren umeekin burutik ere pasatuko ez litzaizkiekeen gauzak egun aitonak egiten ari dira bilobekin, eta printzipioz, hori onuragarria da.
Euskal Herriko etorkizun hurbila zehazteko, migrazioei, generoen arteko harremanei eta politikei arreta ipini diezu. Zer espero da?
Migrazioa aukeratu dut adin egituran eragina duelako, eta horren arabera jaiotza tasa modu batekoa edo bestelakoa izan daiteke. Nafarroa Garaiaren kasua aztertzen badugu, 30 urte baino gutxiagoko emakumeen ugalkortasun tasak igo egin dira. Igoera hori ulertzeko, migrazioa kontuan hartu behar da, zer-nolako jendea bizi den Nafarroa Garaian, zer motatako etorkinak diren, etorkizun hobe baten bila datorren jendea. Normalean gazteak dira, beraz, umeak izateko adinean, eta seguruenik beren buruan umeak izatea egin behar den eta nahi duten gauza bat da. Orduan, migrazioak gorantz eramango du ugalkortasuna. Genero harremanei buruz, desorekak txikituko balira, batzuen ustez, ugalkortasunaren mesederako izango litzateke. Bestalde, pentsa daiteke gizonek umeak izatean egin beharreko lanak ezagutzean kontrako joera izatea. Politikei dagokienez, zailagoa da neurtzea noraino diren eraginkorrak, baina generoen arteko harremanetan, adibidez, Eusko Jaurlaritzak aitatasun baimenetarako laguntza handiagoak aurrez ikusten ditu, eta galdera da ea ez garen kontraesan puntu batera iritsi; izan ere, berriro ere gizonezkoen denborari balio handiagoa ematen zaio. Ez dut horren argi ugalkortasuna igotzen laguntzen duten, eta hori bermatzeko hartu behar diren neurri politikoak horiek diren edo norbera autonomo izateko aukera emateari begirakoak; etxebizitza eta lanaren ingurukoak, adibidez. -
|