Kursaalen darabilten euskal curriculuma «gizartea nahasten» ari dela dio EHBEk
Egun hauetan, Euskal Curriculumaren gaineko eztabaida egiten ari dira hainbat eragile Donostiako Kursaalen, baina Euskal Herriak Bere Eskolako kideek salatu dutenez, hor aurkezturikoa ez da egiazko euskal curriculuma, «euskal hezkuntza komunitatearen hitza eta erabakia ukatzen duten erakundeen menpe egikaritzen dena» baizik. Hori dela-eta, EHBEk proiektu nazionala, hezkidetzan oinarritua, eraldatzailea eta pedagogia askatzailekoa exijitu du.
DONOSTIA
«Hezkuntza komunitate eta herritarren gehiengoak aldarrikatzen duenari muzin egin, eta Europak zein Estatu espainiarrak inposatu nahi diguten curriculuma berproduzitzea du helburu», Euskal Herriak Bere Eskola taldearen arabera, egun hauetan Donostiako Kursaal jauregian mahai gainean jarri eta eztabaidatzen ari diren proiektuak. Erakunde horrek atzo adierazitakoaren arabera, Donostian lantzen ari diren gaiak zerikusi txikia du egiazko Euskal Curriculumarekin, 2001. urtean Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Ikastolen Konfederazioak sinatutako hitzarmenetik eratortzen denarekin. Hori «egitasmo autonomista, parte-hartzea bultzatzen ez duena eta egungo balio atzerakoiak berproduzitzen dituena» baita EHBEren esanetan, zenbait eragileren «protagonismo nahia» baino azaleratzen ez duena.
«Parte-hartzean oinarritua ei»
EHBEren arabera, abiapuntutik bertatik da okerra Kursaalen darabilten egitasmoa, «Euskal Curriculuma abiapuntutzat hartu ordez, EAEko Hezkuntza Sailaren konplizitate osoarekin, Espainiatik eta Europatik ezartzen diren muga eta lege inposatzaile eta menperatzaileak dituelako oinarri». Parte-har- tzean oinarritzen den prozesua dela esan arren, euskal hezkuntza komunitatearen hitza eta erabakia ukatzen duten instituzioen menpe egikaritzen ari den egitasmoa dela esan zuen. Abiapuntuan eta izenean ez ezik Euskal Herrirako curriculuma deitu arren, «izenetik oso urrun geratzen den egitasmo batekin» topo egin dutela adierazi zuten, edukian ere euskal curriculumarekin ez datorrela bat salatu zuen EHBEk. Izan ere, ikaslearen gaitasunak erdigunean izan eta horren araberako planteamendua egin ordez, Kursaalen eztabaidatzen ari direnak ez duela ikuspegi hori aintzat hartzen eta curriculuma eraldatzeko tresnatzat hartu beharrean, «egungoa berproduzitzeko erabilgarria izango den tresnatzat» daukatela baieztatu dute. «Ausartak izan behar dugu, eta Euskal Herri osoan Euskal Curriculuma aplikatu ahal izateko bide posibleak zertzelatzen hasi beharrean gaude», esan zuten Euskal Herriak Bere Eskolako kideak. «Ezin dugu onartu zenbait euskal lurralde baztertzean oinarritzen den prozesurik», gaineratu zuten. Kursaalen eztabaidatzen ari diren euskal curriculumari buruzko iritzia eman ondotik, EHBEren iazko ekarpenen aldeko jarrera berretsi zuen; Euskal Curriculumak «Euskal Herri osorako baliagarria izango den proiektu pedagogikoa, biharko Euskal Herria gaurdanik eraikitzeko eta eraldatzeko tresna, ikuspegi hezitzailea nahitaez barneratuta duena eta pedagogia askatzaile batean oinarritua» izan behar duela nabarmendu zuten. Izan ere, haren esanetan, «hezkuntza komunitatearen, hainbat eragileren eta gizartearen gehiengo zabalaren ahotan» dauden eskariak baitira horiek.
|