BAIONA
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dauden 30 bat haurtzaindegitik bik bakarrik bermatzen dute irakaskuntza osoa euskaraz izatea eta lauk, berriz, irakaskuntza elebiduna. Etorkizunari begira, badira haurtzaindegi elebakar edo elebidunak sortzeko egitasmoak Baionan, Senperen eta Uharte Garazin.
Bestalde, Gizarte eta Familia Laguntzarako Elkarteak haurrak etxean zaintzeko dituen 200 langileetatik hamar besterik ez dira euskaldunak. Baionako eskualdean proportzioa txikiagoa da, 40 zaintzailetik bakarra baita euskalduna.
Euskararen Erakunde Publikoak heldu elebidun osoak sortzeko euskararen presentzia haurtzaindegitik ziurtatu behar dela adierazi du. Era berean, EEPren nahietako bat haurtzaindegietan euskararen presentzia handitzea dela ere adierazi dute erakundeko arduradunek.
Hiriburuko Xitoak haurtzaindegia da gazteenek euskararekin izango duten harremana bermatzeko sortu den azken zentroa. Xitoak haurtzaindegian haurrek bi hizkuntzak entzuten dituzte egunero eta haur guztiek hezkuntza elebiduna jasotzen dute. Ipar Euskal Herriko beste haurtzaindegi elebidunak baino urrunago joan nahi izan du Hiriburuko zentroa kudeatzen duen Ttipiekin elkarteak. Horretarako, Estatu frantseseko beste hainbat tokitan erabiltzen den sistema erabili dute elkartekoek ere. Xitoak haurtzaindegian zazpi langileetatik hiru euskaldunak dira eta haurrekin dituzten harremanetan euskara besterik ez dute erabiltzen zaintzaile horiek. Euskararen Erakunde Publikoak eskolako eskuliburuak eman dizkio Hiriburuko haurtzaindegiari.
Ipar Euskal Herriko beste haurtzaindegi elebidunak Jatsun, Ortzaizen eta Maulen daude. Ortzaizekoan Hiriburukoaren sistema antzekoa erabiltzen dute, eta bertan, 10 langileetatik bost euskaldunak dira.
Jatsuko haurtzaindegian, aldiz, bi hizkuntzak erabiltzen dituzte etengabe, baina une zailetan haurraren ama-hizkuntza baliatzen dute ume txikiarekin komunikatzeko. Urraska elkartearen ekimenari esker sortu zen Lapurdiko zentroak egun 20 haurrentzako tokia du.
Lapurdiko kostaldean daude euskara soilik erabiltzen duten bi haurtzaindegiak, bata Ziburun eta bestea Biarritzen. Biarrizko Ohakoa aitzindaria izan zen duela 10 urte sortu zenean. Kalitate handiko egoitzan sei pertsonak denbora osoz egiten dute lan 20 haur zaintzeko. Zentroko arduradunen arabera, gero ikastolan ikasiko duten haurrentzako tokirik aproposena da, kontuan izanda bertan ikasten duten haurren gurasoen erdia besterik ez dela elebiduna.
Ziburuko Luma haurtzaindegian familia euskaldunen kopurua Biarritzen baino txikiagoa da, bertan haurren gurasoen %70 elebakarrak baitira. Bi hilabete eta erditik hiru urte arteko haurren zaintza ziurtatzen duen zentroan 12 plaza besterik ez dago eta itxarote zerrenda oso luzea du.
Etorkizunari begira, Baionan haurtzaindegi euskaldun bat sortzeko aukera dago. Ziburuko zentroaren zuzendari Dominique Ortuno Baionan egitura bera errepikatzen saiatu zen, baina negoziazioek ez zuten arra- kastarik izan. Aukera Gurutze Sainduan dagoen egitura handitzean irakaskuntza elebiduna sortzean datza. Senpereko Herriko Etxea Dominique Ortunorekin harremanetan jarri da Ziburukoaren antzeko egitasmo bat sortzeko. Uharte Garazin sortuko den haurtzaindegiak ere euskarari tokia utziko dio.