-Euskal Herriko Lehen Mailako finala -
Bost aizkolari neurtuko dira urteko txapelik preziatuena lortzeko asmotan
·Saioa bihar eguerdian jokatuko dute 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan
DONOSTIA
Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko dute bihar 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan. Bertan honako aizkolari hauek neurtuko dira: Olasagasti, Larretxea, Azurmendi, Txapartegi eta Barberena.
Finaletan normalean sei izaten dira, eta Tolosan izan behar zuen bestea Nazabal zen. Etxarrikoa, ordea, min hartuta dago, eta ezinezkoa du une honetan aizkoran aritzea. Bere ordez, kanporaketako zazpigarrenak izan behar zuen, Peñagarikanok, baina hark uko egin dionez gero, azkenean antolatzaileek bostekin jokatzea erabaki dute. Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko ditu.
Joxemari Olasagasti: Igeldokoa da egungo txapelduna, eta aurten ere txapela janzteko faboritoetako bat da. Gipuzkoako finalaren ostean, bere prestakuntza apur bat jaitsi egin zuen, baina berriro ere bere mailara heldu da, eta sasoi betean iritsiko da. Finalisten artean txapelik gehien jantzi duen aizkolaria da.
Donato Larretxea: Arantzako aizkolariak iaz ezin izan zuen finala jokatu, gerriko arazoekin hilabete asko egon baitzen geldirik. Aurten berriro ere gogoz helduko da, eta Olasagastirekin batera faborito nagusia da. Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga irabazita dator.
Iñaki Azurmendi: Arriarangoaren lana adi jarraitu beharko da. Ongi prestatuta dator, eta ezusteren bat emateko prest ikusten da. Presiorik ez dauka Azurmendik, eta horrek lasaitasuna eman behar dio. Bi faboritoen hutsak aprobetxatzeko prest egongo da Arriarango aizkolaria.
Luix Txapartegi: Aizarnakoarentzat lehenengo finala izango da, eta bere lehen helburua lan on bat egin, eta itxura on bat ematea izango da. Berak garbi dauka atzean ibili beharko duela, baina asmoa azkeneko postutik ihes egitea izango da, eta Barberena izango da bere erreferentzia nagusia.
Joxejuan Barberena: Beruetekoa klasiko bihurtu da finaletan. Urte asko daramatza azkeneko saio honetan, eta aurten ere aurreko urteetako asmo berarekin agertu da: azkeneko postutik ihes egitea. Txapartegi izango da bere erreferentzia. Lehia ederra izango dute bi aizkolari horiek.
Azkeneko txapeldunak
«Igandean saio on bat eginda biribildu nahiko nuke orain arte egin dudan lan ona»
Aimar Irigoien
| Harri-jasotzailea
Aimar Irigoien Altsasun izango da bihar arratsaldean, bertan jokatuko baita Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Berak badaki irabaztea zaila izango duela, baina lehen bi postuetan geratuz gero, konforme geldituko litzateke. Finalari begira, zer moduz zaude? Ongi, entrenamenduetan oso gustura geratu naiz, eta nire ustez ongi nago. Harri txikien Txapelketan aritu zara,
erakustaldiak ere asko izan dituzu. Dena ongi eramatea zaila izango zen,
ezta? Ez da erraza. Lehenengo harri txikiekin aritu nintzen, eta gero harri handiekin ibili behar izan dut, eta aldaketa nabaritzen da. Harriak ez dira berdinak, eta pisua ere ez, baina uste dut ongi moldatu naizela. Ia denen ustez Ostolatza da txapela
lortzeko faboritoa. Zure ustez ere bai? Bai, bai, eta dudarik gabe, gainera. Berak harri hauekin lan handia egingo du. Bera da txapelduna, eta uste dut berriro ere garbi dagoela zein den faboritoa. Zaleek diote, bigarren postuak, gutxienez,
zuretzat izan behar duela. Nola ikusten duzu? Bai, gauzak normal joanda nik ere horixe uste dut, baina hori ezin da behin ere jakin. Harri batekin nahikoa da ustel pare bat egitea galtzen joateko, eta harri hauekin okerra zain egoten da, eta kontuz ibili behar da. Harri txikiekin oso lan ona egin duzu, bai
txapelketa ofizialetan eta bai torneoetan ere. Zu ere konforme al
zaude? Bai, bai, oso gustura nago. Denboraldia oso ona ari da izaten, eta igandekoarekin biribiltzea gustatuko litzaidake. Orain arte markekin ibili gara, baina hor erabaki bat hartu beharra zegoen. Markekin aurrera jarraitu, edo txapelketei heldu, eta azkeneko hori aukeratu genuen, eta emaitzak ikusita, oso gustura nago. Negu aldera markaren bat egiteko asmorik
bai? Ez dakit, igandekoa ongi ateraratzen bada, horrek berak
emango dit animoa. Hala ere, belaunetik ez nabil ongi, eta horri atseden eman
nahi diot.-
|