Laborantzaren egungo egoera eta geroa eztabaidagai izango dira Lurrama azokan
Kostaldeko herritarrek barne aldeko laborantza ezagutzeko aukera izango dute Baionan, ostegunetik goiti. Ekoizpen, azienda, baserriko lan mota eta antzekoez gainera, nekazaritzaren egoerari eta geroari buruzko lau debate mamitsu ere antolatu dituzte lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian izango den Lurrama nekazaritza erakustazokan.
BAIONA
Azaroaren 2tik 5a bitartean egingo duten nekazaritza erakustazoka prestatzen ari dira buru-belarri Lurramaren antolatzaileak Baionako Glain eremuan. Han bertan jakinarazi zituzten, atzo, Ipar Euskal Herrian lehendabiziko aldiz egingo duten ekimenaren azken xehetasunak.Egitarau aberatsean, laborantzaren hainbat alderdi mamitsuri heltzeko parada ere izango da. Izan ere, lau gai biziki interesgarriez beste horrenbeste eztabaida izatekoak baitira erakustazokan. Hala, ostegunean, 17.30ean, lekuko ekoizpenekin dauden elikadura aukerez arituko dira. Ostiralean, bi mahai inguru izango dira: 11.00etan, euskal mendia kudeatzeko moduak; eta, 15.00etan, berriz, Euskal Herriko nekazaritza ekoizpenen ezaugarriak, sor-markak, labelak eta antzekoak izango dira aztergai. Larunbatean, 15.00etan, izango den eztabaidak jakin-mina piztuko du, gai mardula izango baita hizpide: «Zer laborantza mota behar du gizarteak?». Fisikoki bertan izaterik ezinezkoa izan bazaio ere, Edgar Pisani Nekazaritza ministro ohiari egindako elkarrizketa bat bideoz ikusteko parada izango da.
Lehen nekazaritza politika
Pisanik, Charles de Gaullen gobernuan 1961etik 1966ra ministro izan zenak, Estatu frantsesean egin zen lehen nekazaritza politika (PAC) jarri zuen abian. Geroztik hainbat kargu politiko izan baditu ere, nekazaritza izan da beti bere kezka nagusietakoa eta, egun, 88 urterekin, oso era aktiboan aritzen da «nekazaritzak aspalditik behar duen erreformei» buruz. Lapurdiz, Zuberoaz eta Nafarroa Behereaz duen ezagutzaz baliaturik, Lurramaren babesle izatea onartu duenak aitortu du Estatuko eskualde guztietatik lurralde horietan zaintzen dela gehien «gizakiaren eta naturaren arteko oreka, laborariaren eta baserriaren artekoa, baita nekazaritzaren eta lurralde antolakuntzaren artekoa ere». Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari Mixel Berhokoirigoin entzuteko aukera izango da jarraian, ORAMA (Hazkuntza eremu handietako ekoizleak) elkartearen lehendakariordeak eztabaidan parte hartzeari uko egin baitio.
Jai giroa, jolasak eta jaki goxoak nonahi
BAIONA Horrelako ekitaldietan ezinbestekoak diren osagaiak ez dira faltako Lurraman. Hala, aziendak eta bertako ekoizpenen azoka egunero ikusi ahal izango dira. Haurrek eremu berezia izango dute, berei zuzendutako hainbat joko eta animaziorekin. Musika, abestiak, fanfarreak eta dantzak lau egunetan izango dira. Aipamen berezia merezi du ostiral arratseko euskal kantuaren gauak. Bertan, hainbat talde eta abeslarik guztiek doan esku hartuko dute (Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Otxalde, Jojo eta Ramuntxo, Kattalin Indaburu eta Philippe Abor). Larunbatean Salsa Verde eta Elefunkman taldeen kontzertua, eta igandean, mutxiko erraldoi bat izango da 11.00etatik 13.00etara. Bazkari berezia Tokiko ekoizpenekin prestaturiko jaki goxoak dastatzeko parada izango da nonahi eta, igandean, Ipar Euskal Herriko hamabost sukaldari ospetsuk prestatutako bazkaria egongo da. Txartelak salgai daude Baionako Elkar megadendan, Donibane Garaziko Kuluxka liburu dendan eta Mauleko Herri Ekoizpenak dendan.
|