GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-31
Sarrionandiaren hiru liburu berriz ere kalean dira «gaurko begiz» begiratuta
·«Ez gara geure baitakoak», «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak» eta «Ni ez naiz hemengoa» berrargitaratu dituzte

Hogei bat urte igaro dira Joseba Sarrionandiak «Ez gara geure baitakoak», «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak» eta «Ni ez naiz hemengoa» liburuak argitaratu zituenetik. Egia da Iurretako idazlearen ibilbidea politikak markatu duela, baina are garrantzitsuagoa da bere idatzien balio literario hutsa. Berrargitalpenen aurkezpenean idazle «bakana» eta «berezia» dela nabarmendu zuten, eta batez ere bere idatzien «edertasuna»ren gainean hitz egin zuten.

IRUŃEA

Liburuak ia kaleratzearekin batera bazterrean ahaztuta uzten diren honetan euskal literaturan «mugarri» diren hiru liburu berrargitaratu ditu Pamiela argitaletxeak.

Izan ere, askok jada klasikotzat duten idazle baten «zuzendu, berritu eta emendatutako» hiru lan kaleratu baitituzte. Joseba Sarrionandia idazlearen “Ez gara geure baitakoak”, “Ni ez naiz hemengoa” eta “Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak” dira «berriz ere irakurri eta idatzi» dituzten lanak, Pamielako Jose Angel Irigaraik argitu moduan.

Urteak ez dira alferrik pasatzen, hori behin eta berriz esan ohi da, eta ideia horretatik abiatuta Fernando Reyk Euskaltzaindiaren arauak aintzat hartuta hizkuntza zuzendu du, betiere «egilearen hitz egiteko modua» errespetatuta. Azken finean «gaurko begiz» begiratu diete Sarrionandiaren lanei, eta horrekin batera “Izkiriatuak aurkitu ditudan ene poemak” lanari, gainera, bost poetaren lanak ere gehitu dizkiete.

Hala ere, berrikuntza horiek guztiak aitzakia ere badira berriz ere Sarrionandiaren irudia berreskuratu eta orain hogei urte bizi zen egoera errepasatu eta ulertzeko.

Aurkezpena «berezia» izan zen oso, batetik, eta batez ere, egilea oraingoan ere ez zelako bertan, eta bestetik, liburuetako hitzaurrea egin duten idazleak bertaratu zirelako: Joxemari Iturralde, Txema Larrea eta Bernardo Atxaga, hain zuzen.

Guztiek Iurretako idazlea goraipatu zuten eta bere lanak irakurtzeko garaian hark duela hogei urte bizitakoak ez direla ahaztu behar nabarmendu zuten. Horrela, JoxemariIturraldek “Ez gara geure baitakoak” lanaren hitzaurrea idazteko ardura izan zuen, hain justu “Noren baitakoak gara?” izenburupean egindakoa. «Bere obra guztia kondentsatuta dago liburu horretan. Testu oso laburrak dira, ipun motzak, bere osotasunean nobela bat osatzen dutenak», esan zuen. «Autobiografia literario moduko bat da hau: bere gustuko autoreak, gustuko bertsoak, idazteko estiloa azkar, arin eta aldi berean sakona ikus daitezke bertan, besteak beste», gaineratu zuen.

Txema Larreak, 1985ean “Ni ez naiz hemengoa” argitaratzean hitzaurrea idatzi zuenak, oraingo berrargitalpenean ere ardura bera izan du, eta Sarrionandiak «oso gutxi landutako generoa» idatzi duela argitu zuen.

Txema Larreak liburuaren nondik norakoak kontatzearen lana «liburu saltzaileei» zegokiela adierazi zuen, eta ondorioz, nahiago izan zuen «Sarrionandia nor zen eta bere harremana literaturarekin nolakoa zen» azaldu eta horren gainean hitz egin. Horrela, idazleak hitzaurrean «orain hogei urteko egoera» deskribatzen du.

«Emendatutako» azken lana “Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak” da eta hitzaurrea Bernardo Atxaga idazlearena da, «egilearen berezitasuna eta bildumaren edertasuna» nabarmendu zituenarena.

«Josebaren lekua»

Bernardo Atxagak poema liburuan «Josebak bere lekua zein den» argitzen duela esan zuen. «Bilduma honekin bere leku espirituala mundu honetan zein den esaten digu», gaineratu zuen. Idazleak liburuak sexuaren gaineko poemak dituela argitu zuen, eta «gai nagusia» ere bada. Atxagaren ustez, Sarrionandiak «antzinako idazleen biografia ekartzen du burura», arrunta ez dena, eta Erromantizismo garaian izango bagina, beharbada haren biziak liburu asko inspiratuko lituzke.

Izan ere, Asteasuko idazleak argi azaladu du: «Bere libururik ederrena bere autobiografia izango litzateke, bizitzeko txarra, baina ona idazteko».



Beste idazle handi bat gogoan
Joseba Sarrionandiaren hiru liburuen berrargitalpenean izan zuten hitzik Pio Barojarentzat ere bere heriotzaren 50 urte bete zirenean. Bernardo Atxagaren ustez, Barojak «euskal paisaia ezagutzeko modu erangikorra» eman zuen eta Joxemari Iturraldek «gure idazlerik handiena» dela esan zuen. Izan ere, Barojaren lanek «oraindik ere jarraipena» dute. -



«Klasikoa izango al da Sarri euskal literaturan?»

IRUŃEA

Txema Larrea idazleak “Ni ez naiz hemengoa” liburuaren hitzaurreak idatzi ditu, 1985ean lehen aldiz argitaratu zenekoa eta oraingoa, “aitzin-solasa” eta “ondo-solasa” izenburupean, hurrenez hurren.

Joseba Sarrionandiaren hiru liburuen berrargitalpenen aurkezpenean Iurretako idazlea «euskal literaturan klasikoa» izango ote zen galdetu zuen eta izango den ala ez baino haratago, liburuak idatzi eta hogei urte geroago «interesa sortzen» dutela nabarmendu zuen. Larrearen ustez, oraindik ere interesa sortzen duten heinean berrargitalpena beharrezkoa da.

Sarrionandiak “Ni ez naiz hemengoa”n «entsegu txikiak» egiten dituela gaineratu zuen idazleak, entsegua «nahi den gaiaz nahi den moduan hitz egitea» bada behintzat.

Horiek hala,«ekarpen-desekarpena» egiteko beharrak bultzatuta, oraingo gazteei, «baldin eta 20 urteko literatura irakurlerik badago behintzat», liburua idatzi zeneko ingurua deskribatzen saiatu da idazlea hitzaurre berrian.

«Sarri nor zen kontatu dut, baita literaturarekin zuen harremana ere», esan zuen.

«Hogei urteren ostean publiko berriari garai hartako egoeraren gainean zerbait argitu behar zaio. Giroa beharbada erradikalagoa zen, eta giro horren berri eman diot», esan zuen.

Izan ere, hiru liburu «emendatuen» aurkezpenean bildutako guztiek garai hartako giroa eta ezaugarriak irakurketa egiterako garaian kontuan hartu behar direla utzi zuten argi. «Gaur egun beste modu batera idazten» da-eta, azken finean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Zapatero se jacta de no haber dado más paso que ir al Congreso a marcar sus reglas
Mundua
Matanza en una madrasa paquistaní
Jendartea
Klasiko bihurtu da udazken azoka arrakastatsua
Kultura
Sarrionandiaren hiru liburu berriz ere kalean dira «gaurko begiz» begiratuta
Ekonomia
Muere un trabajador en Igorre al recibir sendos golpes en el pecho y la cabeza
Ekonomia
300 millones de trabajadores jóvenes viven en la pobreza
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss