Jose Ramon Etxebarria - Fisikako irakaslea
Nork epaituko ditu epaileak?
He de decir, y no revelo ningún secreto, que se ha encontrado material verdaderamente mucho más convincente sobre la ligazón que existe. Ya lo habíamos dicho así, que ETA y Batasuna son la misma cosa en un campo político y en un campo terrorista». Francisco José Hernandorenak dira hitzak, Espainiako Tribunal Goreneko eta CGPJren presidente jaunarenak, «froga» famatu horiek aztertzeko ia astirik ere izan gabe “Onda Cero”n esanak.
Esaera zaharrak dioenez, «arraina ahotik hasten da usteltzen», eta zalantzarik ez dago aurreko esaldiari kiratsa dariola. Ez da psikoanalista distiratsuegia izan behar hitz horietan ulertzeko, ezen lehenago «froga konbintzenterik» ez zeukatela, hots, «froga sinesgarririk, segurutik, uste osokorik» ez dutela izan Batasuna ilegalizatzeko; usteak erdi ustel (osorik esango nuke). Nik dakidala, uste osoa, uste segurua, edo badago edo ez dago; ez dago tartekorik. Gaztelaniaren ñabardurak ondo ulertu baditut (gaztelania oso ondo ezagutzen dudala esan behar dut), hitz horiek adierazten digutenez, Batasunaren ilegalizazioan benetako frogarik ez zeukatenez, frogen bila abiatu beharra izan dute nola edo hala; eta orain agertu «omen» dira, egun batetik bestera, zorioneko froga horiek. Eta, inozo galantak, guk sinetsi. Bai horixe! Ez al da nabarmena, orain arteko ilegalizazio eta astakeria guztiak frogarik gabe erabakita zeudela adierazi digula zeharka Hernando jaunak? Hori lasai-lasai aitortu digu, gainera, entzule asko dituen irrati baten bidez, bere borondatez, inolako presiorik jasan gabe. Aitormen argiagorik nahi al duzue?
Zergatik egin du hori? Erantzuna nahiko erraza delakoan nago: inpunitatez jokatzen ari direlako. Horixe da, nire ikuspuntutik, portaera hori ulertzeko modu bakarrenetakoa, bakarra ez bada. Izan ere, inpunitatetik jokatzen denean, uste izaten da edozer esan eta egin daitekeela, eta benetako egia ez dela sekula jakingo; ordea, egia lehenago edo geroago agertu ohi da, irteerako bidea beti topatzen duen ur-jarioak bezala. Nago horixe gertatzen ari dela Espainiako sistema polizial-judizialean, hasi polizia, guardia zibil eta ertzainekin, segi fiskalekin eta amaitu epaileekin, horrelako pertsonaia asko eta asko ari baitira jokatzen inoiz inork inolako konturik eskatzeko eskubiderik izango ez duelako inpunitateaz. Horrelaxe deritzot nik neuk behintzat, beren jokamoldeak ikusita. Nolanahi den, beren testu sakratu ukiezinean hitzez onartzen dutenez, botere horien benetako jatorria herrian esan nahi baita herritarrengan dago, eta horregatik uste dut herritarrok oinarrizko eskubidea dugula geure iritzia plazaratu eta jakinarazteko; gehiago oraindik, eskubide horren arabera kritika politikoa egiteko betebeharra dugula. Noan, bada, harira, neure hausnarketa bozgora egitera, ikusitako inpunitate-kasu batzuk aipatzera, azkenean epaileak nork epaitu behar ote dituen galdetzeko, uste izanik gu geu herritarrok, alegia garela epaia emateko eskubidea dugunok, formalki ez bada ere, kontzeptualki eta intelektualki bederen.
Adibideak ugari dira. Erakusgarri modura, esate baterako, aste honetan bertan 18/98 famatuaren inguruan bertako epaile andereak izandako portaera aipa daiteke. Inputatuetako batek tortura-salaketa zuzena egin zuen epaigelan, hiru epaileak bertan zirela. Jurista izan gabe ere, gauza jakina da delitu-salaketa nabarmen baten aurrean epaileak eta fiskalek ofizioz hartu behar dutela beren kargura salaketa horren egiatasunaren azterketa. Uste al duzue horrelakorik egin dutela epaileek eta fiskalek? Bai zera! Ezentzunarena eta beste aldera begiratu, hori bai! Nola esan dakioke portaera horri? Nola uler daiteke? Ene ustez, inpunitatetik egindakoa da, jakinaren gainean egonik inork ez dituela epaituko. Eta inpunitatearekin jokatu zuten, halaber, guardia zibil torturatzaileek, jakinaren gainean epaileengandik babesik handiena izango zutela. Inpunitatez eta harrokeriaz. Eta zer esan protesta entzutean epaile andereak emaniko erantzunaz, Europako legeriaz barre eginez? Europako legeriak argi adierazten duela galdeketarako eskubidea? Berari zer axola Europako legeria, inpunitatez joka badezake?
Bidenabar, 18/98 famatua aipatu dudanez, ez al da epaiketaren historia bera ere zortzi urte luze hauetan izandako inpunitatearen adibiderik garbiena? Garzónek berak ez al zuen inpunitatez jokatu hasieratik bertatik, prozesuaren irekieran, bitartean egin zaizkion tortura-salaketei ezentzunarena egitean, inolako orekarik ez duten bermeak ezartzean, funtsik gabeko kartzelaratzeak aginduzŠ? Zeren inpunitatez jokatzen duenak dena libre dela uste baitu, desorekaz eta nahieraz edozer eginez. Ordea, justiziak benetakoa izateko orekatua behar du izan, begiak estalita dauzkan andere mitikoaren balantzak adierazten duenez. Inork epaituko al du epailea?
Adibideen aipamena ad infinitum luza daiteke. Inork ikusten al du orekarik Entzutegi Nazionalean? Orekarik ikusi al du inork de Juanaren kasuan? Edo kalean libre egon behar zutenei bizi osoko kartzela-zigorra ezartzean eta mendeku-itxura duten bestelako erabakiak hartzean? Edo Entzutegi Nazionala irekirik edukitzean? Edo Alderdien Legea indarrean iraunaraztean? Edo Frantziako epaileen erabakietan Filipe Bidarti kalera irteteko eskaria ukatzean...? Ez al dago garbi Espainiako eta Frantziako sistema politiko-polizial-judizialek inpunitatez jokatzen dutela euskal militanteekin?
Hor dago korapilo bat, bi estatuetako sistemako aparatuen inpunitatearena, behin betiko askatu beharrekoa. Eta askatzen hasteko ez legoke gaizki artikuluaren izenburuan jarri dudan galderaren inguruko hausnarketa egitea, bozgoraz, jendeak entzun dezan, herritarren subiranotasunaren erabilera praktiko eginez. Zeren herritarrok egiten ez badugu, nork epaituko ditu epaileak? -
|