Berdintasunerako Legea betetzen den aztertuko dute
·Alardeen auziak ez du atal berezirik izango legea betetzen den aztertuko duen proiektuan
EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak Lakuaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea betetzen den aztertuko du, baita Berdintasunerako IV. Plana ere. Hala ere, azterketan, legea betetzen ez duen kontu nabarienak, alardeen auziak, ez du atal berezirik izango.
BILBO
Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak eta Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak Lakuako Gobernuaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea betetzen den aztertzeko hitzarmena sinatu zuten atzo, Bilbon.
Hitzarmen horri esker, EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila arduratuko da azterketa horretaz, bai eta Berdintasunerako IV. Plana betetzen den baloratzeaz ere. Moyuak azaldu zuenez, legeak berak ezartzen duenari erantzuten dio azterketa horrek. Izan ere, bost urterik behin, legearen «betetzeaz, garapenaz eta aplikazioaz eta hala badogokio, berrikusteko egokitasunaren jarraipenaz» informatu behar baitute Gasteizko Legebiltzarrean.
Bai Emakundek bai EHUk unibertsitate sail horrek «eskarmentu handia» duela nabarmendu zuten, 1995. urtetik Emakunderekin batera lan egin baitu. Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. eta III. planak aztertzeaz gain, horretarako beharrezkoak diren metodologia eta tresnak diseinatu baititu.
Izaskun Moyuaren esanetan, azterketak emango duen informazioa «erabat beharrezkoa» da berdintasunerako politikak diseinatzeko. EHUko adituek egingo duten lanaz, besteren artean, honakoa aztertu beharko dutela argitu zuen: koordinaziorako mekanismoak, planak nola egin eta gauzatzen diren, azterketa eta estatistiken egokitzapena, langileen gaitasuna, eta zuzendaritza taldeetan emakumezko eta gizonezkoen arteko parte-hartze orekatua.
Orain arte Legeak izan duen ibilbideaz, Moyuak «lege gaztea» dela nabarmendu zuen, eta zerrendetan generoen arteko parekotasuna lortzeko aurrerapausoa izango dela adierazi zuen. Lorpen hori lehendabiziko «mugarria» dela esan zuen, eta barrutik aurrerantzean erdietsiko diren beste batzuk lortzeko lanean ari direla esan zuen. Hala ere, aipatu ez zuen alardeen auziaz galdetu zioten, eta arduradun politikoei jaietan eta bestelako ospakizunetan «zer joakera eta zer konpromiso» hartu behar dituzten legeak argi eta garbi zehazten dizkiela azaldu zuen. Hala eta guztiz ere, martxan jarriko duten azterketan, alardeen arazoak atal berezirik ez duela izango azaldu zuen.
|