Oiangurako proiektua gelditzeko eskatu dute
DONOSTIA
Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformak sinadura bilketa bat hasiko du Ordiziko Udalari eremu horretarako aurrez ikusita dituen planak bertan behera uzteko eskatzeko. Izan ere, Oianguko parkean golf zelai bat eta paintball jarduerarako azpiegitura eraiki nahi ditu Udalak. Herri plataformak denbora luzea darama Udalaren proiektu horren aurka lanean, bertako kideek argi baitaukate parkeak «publikoa» izaten jarraitu behar duela. Horrez gain, prozedura aurrera eramateko moduan irregulartasunak ikusi dituzte eta hori ere salagarria da plataformaren iritziz.
Hartara, atzo Donostian izandako agerraldian Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformako kideek esan zuten Plan Bereziaren aipatu azpiegiturak aurrez ikusten dituena eta ingurumenean izango duen eraginaren azterketaren bueltako alegazioak aurkeztuko dituztela. Alegazio horien aldeko sinadurak bilduko dituzte beren web orrialdean; «www.oiangubizirik.org» helbidean, hain justu. Gainera, Ordizian barrena mahaiak jarriko dituzte sinadurak biltzeko. Oraingoz, mila sinadura bildu dute.
Plataformako bozeramaile Julen Agirrek atzo Donostian agertu zuenez, Udalak Ikena enpresari eman zion parkearen kontzesioa 40 urterako, baina hori aipatu Plan Berezia egin baino lehen izan zen. Hartara, kontzesio hori ez dela legezkoa eta bertan behera utzi beharra dagoela nabarmendu zuen. Arartekoak ere horixe agindu zion Ordiziako Udalari joan den otsailean, baina ez du agindua bete.
«Ezin dugu onartu Oiangu parkea pribatu bihurtzea 40 urterako kontzesio administratibo baten bitartez; izan ere, horrek ingurumenari kalte izugarria egingo dio. Oianguk herriarena izaten jarraitu behar du», adierazi zuen Julen Agirrek.
|