GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-22
Igor Mera Uriarte - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)
Euskal Gizarteratze Plana???

Badira aste batzuk, hedabideetan, Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Ekintza Batzordean, Azkarraga sailburuak aurkeztutako 2003-2005 Gizarteratze Euskal Planaren ebaluazioaren inguruan oinarritutako zenbait berri irakurtzeko aukera izan genuela.

Azaldutako ebaluazioa sailburuak berak eta haren aholkulari batzuek aurkeztutako azaleko errebisioa dugu. Besteren artean, bete diren ekintzen kopurua, esleitutako laguntzen kantitatea, egindako gastu portzentaia, eta tankerako alor kuantitatiboak soilik jorratzen dira.

Jaurlaritzak ez du planaren oinarrizko elementu tekniko eta ideologikoen inguruan inolako hausnarketarik egin, ez eta gure gizarte ereduaren inguruan inongo gogoeta kritikorik ere. Abiapuntu hau oinarri hartuta, nahiz eta Planak bertute handiak dituela irudi, ebaluatzaileek beraiek ez dute garbi, nola den posible hazkunde ekonomikoa izanda eta langabeziaren murrizketa ja- zota, baztertuta dauden pertsonen kopurua etenik gabe igotzea. Kontraesan hau EAEn eta Euskal Herri osoan bizi dugun eredu sozio-ekonomikoaren analisia eginez eta Gizarteratze Planaren aurrean jarrera kritikoa izanda soilik uler dezakegu.

Gure Euskal Herria buru-belarri eredu ekonomiko liberalean murgilduta dugu eta nola ez, gure erakundeak dira egoera honen erakusgarri eta era berean eredu honen erantzule... tesi ekonomiko ultra-eskuindarra puztuz, egitura publikoak hustuz. Gogoan izanda, azken urte hauetan Hezkuntza eta Osasun publikoak jasandako atzerapena, gaurkoan, giza bazterketarekin lotura zuzena duten alorren inguruan erreflexioa egiteko aukera nahiko genuke.

Urtez urte eta aho batez, alderdi politiko guztiek abian jarritako aurrekontu publikoek murrizketak izan dituzte: gastu sozialak Barne Produktu Gordinarekiko duen portzentaiari begirada bat botatzea besterik ez daukagu (Europa mailan baxuenetarikoa). Zergen jaitsierak ere izan du guzti honetan eragina: hauteskunde garaian, boto batzuk urratzearren eginiko epe motzerako adierazpenek, gizarte babeserako sistema bere osotasunean kolokan jarri dute (zuzeneko zergak jaitsi arren, zeharkako zergak handitu egiten dira: lan errentak kapitalezkoak baino gehiago ordaintzen dira, iruzur fiskal aukerak handiagoak dira...).

Era berean, ez da ahaztu behar dugun egoera larria azkeneko krisi handiari erantzuna eman nahi izan zioten ekonomia eta industria planifikatzeko politiken ondorio dugula. Eraikuntza (etxebizitza eta azpiegiturak) eta Zerbitzuek bultzatutako ekonomia honetan, zenbaki makroek (BPGren handitze tasa, langabezia tasa...) ez dute balio handirik errealitatea aztertzeko. Esanguratsuagoa da enpleguaren egonkortasuna edota ondasunaren banaketa moduko alorrak aztertzen eta neurtzen dituzten indizeen inguruko hausnarketak egitea. Harira, etekin enpresarialak etengabe gorantz doazen testuinguru honetan (arlo batzuetan neurriz kanpokoak), urtez urte langileriaren gastu ahalmena murriztuz doa, izan ere, gero eta pisu txikiagoa dute langile gastuek gastu enpresarialetan (alegia, soldatak beste alor batzuk baino gutxiago hazi dira). Zergak lan errententzat, enpresarialentzat baino zorrotzagoak direla ikusita, egoera benetan da larria.

Jada, duela asko, gure gizartean, lan duinak eskubide izateari utzi zion. Nahiz eta gure erakundeek harrotasunez azaldu langabezia tekniko egoeran gaudela (%5 inguru EAEn), azalpen honek beste errealitate krudelago bat ezkutatzen digu: bai Estatuak baita gure politikoek ere eredu gisa jartzen duten Europa horretan, ezegonkortasun eta prekarietate tasa altuenak ditugu. Errealitate honen aurrean, ezin dugu baieztatu lanean dagoen edonork bere behar ekonomikoak aserik izango dituenik. Lana izan ala ez izan, jada, egoera ez da finkoa: askorentzat formakuntza-langabezia-lana... amaierarik gabeko gurpila.

Egoera honek, gizartean, bere osotasunean du eragina, baina bereziki etorkin eta emakumeetan. Honi etxebizitzaren arazoa gehituz gero, egoera benetan da kezkagarria. Batetik, milaka pertsona ditugu, gehienbat gazteak, etxebizitza duin bat lortzeko inongo aukerarik ez dutenak; bestetik, etxea lortu bai... baina etorkizuna mailegu zorrotz baten menpe baldintzatuta dutenak ditugu. Europan eta Estatuan alokairu tasarik baxuena izanda, erakundeen konpromezua eta eragina (erosketari lotutako IRPFn kenketak egitea eta BOEn eraikuntza) ez da nahikoa izan. Zenbat interes ekonomiko adreiluaren inguruan!

Testuinguru honetan, 2003-2005 Gizarteratze Euskal Plana heldu zitzaigun: deskribatutako errealitateari partxea jarri nahi izan dion plana. Gizarte bazterketaren oinarrizko kausak eta zergatiak konpondu barik, pertsona baztertuen alde zer edo zer egiten delako itxura eman nahi izan da. Bi dira plan honetan funtsezko alorrak: Oinarrizko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL); hala ere, batetik, laguntza hauek ez dira behar duten pertsona guztietara heltzen eta bestetik, eskainitako diru kopurua ez da nahikoa pertsona hauek bizi duten bazterketa egoera gainditu eta saihesteko.

Aipatu moduan, gutxiengo soldataren %86 (legealdi hasieran, %81) urratzen duen Oinarrizko Errenta hau ez da gizarteratzeko tresna egokiena. Gainera, Gizarte Eskubideen Gu- tunak mahaigaineratuta- ko eredu hartatik erabat urruntzen da egitura hau, errenta honen eskuraketak Gizarteratze Konbenio bat sinatzera baldintzatzen gaitu eta: Oinarrizko Errenta, beraz, eskubide izatetik, baldintzatutako saria izatera igaro da.

Baina are eta larriagoa da GLLen egoera. Azkarraga jaunaren taldeak laguntza hauen eraginkortasunik eza mahaigaineratzearekin batera, neurri handi batean etxebizitzari lotutako gastuak ordaintzera bideratzen baitira, laguntza berri bat eskaintzeko asmoa plazaratu digu: Etxebizitza Laguntza, hain zuzen. Eusko Jaurlaritzak herritar guztiei etxebizitza egoki bat eskaini beharrean edota, hiritarrek dituzten ohiko gastuei aurre egiteko oinarrizko errenta duin bat ezarri beharrean, gizarte laguntzak jasotzeko bidea gehiago korapilatuko duen sistema eskaintzen zaigu; pauso burokratikoak handituz eta berebiziko beharra duten pertsonak laguntza hauetatik urrunduz. Hau honela, laguntza berri honen inguruan kezka berri bat sortu zaigu: Laguntza hau hornitzeko, aurrekontu publikoetan esleipen berri bat proposatuko da, ala berez, jada, hain murritzak diren GLLetatik lortuko dira?

Ez genuke nahi erreflexio hau amaitu, azterketa honek hedabideetan izan duen tratamenduaz gogoeta bat egin gabe. Behin eta berriz, bai idatzizko zein ikus-entzunezko hedabideetan, Gizarte laguntzen hartzaileen %25 etorkinak direla azpimarratu da. Honelako datuek eragin kaltegarria izan dezakete gizartean. Txirotasun politiketan oinarritutako sistema honetan herritarrek, pertsona behartsuak, eta bereziki etorkinak edo giza marjinazioa pairatzen dituztenak, sistema honen pribilegiatu gisa ikus ditzaten arrisku larria dugu. Ez dugu uste, beraz, hedabideek, arrazismo eta giza aurreiritzietatik aske egongo den gizartea eraiki nahi izanez gero, aipatutako estatistika hauek titularren bidez azpimarratzea egokia denik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Bertsolarien lana, liburu batean eta bi diskotan bildua
Euskal Herria
Condenan a 13 de los 18 primeros jóvenes juzgados por las «detenciones preventivas»
Ekonomia
El IRPF recortará el ingreso público en 236,7 millones
Mundua
La muerte del ministro antisirio Gemayel agrava la situación política libanesa
Kultura
«Rock&Klik», hogei urteotako euskal musikaren historia Urberen begietatik
Mundua
Obrador se proclama presidente de México ante un Zócalo abarrotado
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss