GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-22
Bertsolarien lana, liburu batean eta bi diskotan bildua
·2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko materiala argitaratu dute

Iazko Bertsolari Txapelketa Nagusi arrakastatsua liburu batean eta bi CDtan bildu dute. Hogeita hemezortzi bertsolariren jardunaz gain, iritzi artikuluak, kritikak eta bostehun argazkitik gora dakartza argitalpenak. Material horien balio dibulgatzaile eta dokumentala nabarmendu du Andoni Egaña txapeldunak.

BILBO

2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiak Lekunberrin egin zituen bere lehen urratsak urriaren 9an eta abenduaren 18an iritsi zen helmugara, Barakaldoko BilbaoExhibition Centre (BEC) erraldoira. Tartean, saio ugari eta bertso gehiago.

Iazko ekitaldiaren nondik norakoak liburu batean eta bi CDtan jaso ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Lanku Bertso Zerbitzuak enpresak mota horretako bere lehen lana du. GARAk banatuta DVD bat ere kaleratu zen iaz.

38 bertsolariren bertsoak jaso dituzte liburuan. Zigor Leundak eta Josu Telleriak hautatu dituzte bertsoak. Kronikak Josu Goikoetxeak sinatu ditu eta argazkiak, Alberto Elosegik, bi izan ezik, bi horiek Xabier Arenasenak baitira.

Laurehun orrialdeko lan mardula da egin dutena eta atarikoa UnaiElorriagak idatzi du. Era berean, Martin Aramendi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jon Sarasunaren kritikak ere irakur daitezke, baita iritzi artikuluak ere, bertsolaritzarekin lotura duten pertsonek eta harremanik ez dutenek idatzita. Xabier Aierdi soziologoa, Ander Lipus antzerkilaria eta Xabier Mendiguren Elizegi editorea daude tartean. Txapelketa osoan doinu berriak entzun ziren eta Joanito Dorronsorok doinuen azterketa egin du liburu honetarako.

Lehenengo CDak finalaurrekoetan entzun ziren bertsoak eskaintzen ditu, eta bigarrenak, aldiz, Barakaldoko finalean bota zituztenak.

Andoni Egaña eta Unai Iturriaga izan ziren atzo material hauen aurkezpen ekitaldian, Bilboko EuskararenEtxean. Txapeldunak esan zuenez, bertsolarientzat oso garrantzitsuak dira argitarapen mota hauek, beren balio dibulgatzailearengatik zein dokumentalarengatik. «Gaurko balioa bikoiztu egingo da hemendik 20 edo 30 urtera», gaineratu zuen Egañak.Era berean, ahoz egiten den hori ondorengo belaunaldiei idatziz trasmititzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Unai Iturriagak azaldu zuenez, Txapelketa Nagusiari buruzko liburu batek iritzi kritikoak gehitu ditu lehenengoz, eta gehitu zuenez, «ez dira denak loreak». Pauso bat da, gainera, bertso mundutik kanpoko pertsonen ahotsak ere izatea, Iturriagaren esanetan.

«Ez da ikastunentzako liburua ­nabarmendu nahi izan zuen iazko txapeldunordeak­, irakurketa desberdinak proposatzen dituen liburua baizik, oso atsegina, argazki askorekin osatua».

Izan ere, Alberto Elosegiren irudiek emanaldiei buruzko beste informazio mota bat ematen diote liburuari.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Kultura
Bertsolarien lana, liburu batean eta bi diskotan bildua
Euskal Herria
Condenan a 13 de los 18 primeros jóvenes juzgados por las «detenciones preventivas»
Ekonomia
El IRPF recortará el ingreso público en 236,7 millones
Mundua
La muerte del ministro antisirio Gemayel agrava la situación política libanesa
Kultura
«Rock&Klik», hogei urteotako euskal musikaren historia Urberen begietatik
Mundua
Obrador se proclama presidente de México ante un Zócalo abarrotado
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss