Autodeterminazioaren aldeko martxak eta ekitaldia, larunbatean, Donostian
DONOSTIA
Autodeterminazioaren alde herriz herri egiten ari diren ekimenen barruan, Donostiako ezker abertzaleak hiru auzo martxa eta ekitaldi bat antolatu ditu larunbat eguerdirako. Martxak 12.00etan abiatuko dira Antiguako tuneletik, Anoetako zelaitik eta Mirakruz gainetik. Ordubete geroago, 13.00etan, Konstituzio enparantzan batuko dira hiru zutabeak. Ekitaldiaren ostean, hamaiketakoa egingo dute.Atzo, ekimen horietan parte hartzeko deialdia egin zuten. «Ez dugu besoak gurutzaturik gelditu nahi, beraz, jar gaitezen guztiok batera lanean, gatazkaren konponbidea oinarri sendoen gainean eraikitzea gu guztion ardura baita»,nabarmendu zuten agerraldian. Egungo egoerari buruzko hausnarketa egitean, PSOEri leporatu zioten prozesua «blokeatuta egotearen ardura nagusia». «Euskal herritarrek etorkizuna modu librean erabakitzeko tresna demokratikoa martxan ipini beharrean, ezker abertzalea ahuldu eta baldintzatzeko ahalegina egiten ari da», salatu zuten. Zeregin horretan, EAJ «bidelagun» duela gaineratu zuten. Gobernu frantsesaren jarrera ere kritikatu zuten, gatazkaren «izaera politikoa ukatu eta Estatu espainolaren arazo gisa kokatzen baitu». Aitzitik, herritarren prozesuari emandako babesa txalotu zuten eta adibide gisa, Bilbon egin zen manifestazioa aipatu zuten. «Salbuespenak salbuespen, hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek negoziazio politikoaren beharra nabarmendu dute», esan zuten. Herri borondateari «bidea zabaldu» eta «irtenbide faltsuei» aurre egiteko larunbaterako deia berretsi zuten. Bien bitartean, joan den larunbatean, «autodeterminazioa» hitzarekin horma-irudi erraldoia egin zuten Elgoibarren. «Nazioa» hitza ere irudikatu zuten eta 150 laguneko ekitaldia egin zuten. Dinamika horren baitan, azken asteetan Lesakako eragileek bilerak egin dituzte eta larunbaterako manifestazioa antolatu dute..
|