EAJ, EA, EB eta PSOEren zuzendaritzekin elkartu nahi du AHT Gelditu! Elkarlanak
Gasteizko manifestazioaren balorazio positiboa egin ostean, aurrera begirako ildoa aurkeztu zuen atzo AHT Gelditu! Elkarlanak. Mobilizazio dinamikari eutsi, eta Lakua osatzen duten alderdiekin eta PSOEren Zuzendaritzarekin biltzen saiatuko da, proiektua geldiaraz dezaten eskatzen dutenak errespetatzeko prest dauden jakiteko.
GASTEIZ
AHT Gelditu! Elkarlanak bilera «formalak» eskatu zizkien atzo hirukoaren partaide diren EAJ, EA eta EB alderdien zein Madrilgo Gobernuko PSOEren zuzendaritzei, “Euskal Y”aren gainean bakoitzak duen jarrera «zehatza» ezagutzeko eta joan den larunbatean Gasteizen egin zen manifestazioa ikusita milaka pertsonak proiektua berehala geldiaraz dezaten eskatu zuten zer egiteko prest dauden zuzenean ezagutzeko, hau da, «berandu izan baino lehen, gizartearen gehiengoaren hitza errespetatzeko». Bere aburuz, hau da «bide bakarra» informazio objektiboa plazaratu, parte-hartzean oinarritutako eztabaida bultzatu eta «herriari hitza emateko». Era berean, gizarteari «lanean eta borrokan jarraitzeko» deia luzatu zioten AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Mila Elortzak eta Gaizka Oiarzabalek, «antolaketa, mobilizazioa eta herri dinamika direlako bide bakarrak» Abiadura Handiko Trena (AHT) gelditu eta «inposizioa deuseztatzeko». Hala, igande honetan 12.00etatik aurrera Ordizia eta Itsasondo lotuko dituen manifestazioa ekarri zuen gogora. Gasteizen egindako mobilizazioari buruz oso balorazio
positiboa egin zuen, bere aburuz, «10.000 pertsona kalera irtetea, Gasteizen eta
Araban jauzi kuantitatibo eta kualitatibo garrantzitsua» baita prozesu honetan,
bereziki obrak hasi diren mementoan.
Gutxieneko adostasunik ez
Elortza eta Oiarzabalen ustez, larunbat arratsaldean «argi» geratu zen, «oztopo eta boikot informatibo» guztien gainetik, AHTren aurkako mugimendua «indartzen» ari dela Euskal Herri osoan eta, aldi berean, ez dagoela «gutxieneko adostasun sozialik» 6.000 milioi euro inguru kostako den azpiegitura hau aurrera ateratzeko, are gutxiago Lakuako eta Madrilgo gobernuek «gardentasunik eta parte-hartzean oinarritutako eztabaidarik gabe inposatu» nahi dutenean. Haatik, Sustapen Ministerio espainolak nahiz Lakuak emandako erantzuna «toxikazio informatiboa eta obrak egiten jarraitzeko borondatea» dela arbuiatu zuen Elkarlanak. Hala, «gogor» salatu zituen iragan asteartean Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuk egin zituen adierazpen «tamalgarri- ak», besteak beste, “Euskal Y”ak ingurumenean eragina izango duela onartu eta, neurri batean, landa-munduak plazaratutako kezkarekin bat egiten zuela jakinarazi baitzuen. Proiektuaren «apologia merketzat» jo zituen adierazpenok. Dena dela, Elkarlanaren iritziz, azkenaldian bultzatutako dinamikarekin, Lakua «makineria propagandistiko guztia» martxan jartzera «behartuta» sentitu da, «gizartearen zati handi baten egonezina eta protestak baretzen saiatzeko». Juan Jose Ibarretxe ere, azken egunotan, «joko demagokiko» horretan sartu dela iragarri zuen.
Epaiketa abenduaren 11ra atzeratu dute
M.B. GASTEIZ Lukun hasi dituzten “Euskal Y”aren eraikitze lanak salatzeko joan den astelehenean makinerian kateatu ziren hiru pertsona. Horien kontrako epaiketa, baina, bertan behera geratu da eta abenduaren 11rako jarri diete hitzordua. “AHT Ez” gunearen weblogean azaltzen zenez, atzerapen horren arrazoietako bat «Ertzaintzaren hitzorduak zehaztea ahaztu izana» izan zen. Gasteizko epaitegien aurrean eta Bilboko Abando geltokian, hiru kide horiei babesa emateko eta epaiketa salatzeko deituta zeuden elkarretaratzeek ez zuten huts egin. Epaiketa hau gobernuek AHTren auzian darabilten «jarrera inposatzailearen» ondorioa dela adierazi zuten. Urbinako Administrazio Batzarrak eta “AHT Ez” guneak proiektuaren aurkako eguna antolatu dute iganderako. Araban kalteturiko herrietako biztanleei eta Kontzejuei Urbinara bertaratzeko deia egin diete. Eguerdian hasiko dira ekimenak herri-kirolekin. Herri-bazkariaren ostean, batzarra izango da, proiektuaren aurkako dinamikari buruzko iritziak, informazioa eta proposamenak entzuteko.
|