BAIONA
Jean-Louis Borloo Gizarte-kohesio eta Etxebizitza ministroak ostiralean, azaroaren 24an, Baionara bisita egingo du. Hiriaren eraberritze plana aurrera eramateko 70 milioiko hitzarmena sinatu behar du, eta horrek protesta ugari eragin ditu. Astelehenean Baiona Berria oposizioko taldeak informazio eta adostasun falta salatu zuen, eta atzo Caradoceko biztanleen parada izan zen. ANRU 2 programaren barnean dago hiriaren eraberritze plana. Atzo CGL eta CNL maizter sindikatuek egindako deialdiari erantzun zioten Caradoceko 50 bat biztanlek. Maizterrek salatu zuten Herriko Etxeak eraberritze programa aurrera eramateko beharrezkoak diren adostasunak ez dituela bilatu. Izan ere, 2000. urteko SRU (Elkartasun eta Hiri Eraberritze) legeak adierazten du horrelako kasuetan adostasuna bilatu behar dela HLMren Bulegoaren bitartez etxebizitzetako maizterrekin.
Hiriko etxebizitza sozial zaharrenak dauden auzoan PLUri (Tokiko Hirigintza Plana) jarraiki bost eraikin bota behar dituztela adierazi zuen Baionako Herriko Etxeak Borloo ministroak egin behar duen bisitaren berri eman zuelarik, joan den azaroaren 9an. Etxebizitza horietan bizi diren pertsonak komunikabideen bitartez jakin zuten beren etxeak bota behar zituztela. Caradocen bizi direnei inolako errespeturik ez dietela azaldu salatu zuten atzo elkartu ziren biztanleek.
Herriko Etxearen erabakien aurrean defendatu ahal izateko maizterren hauteskundeetan bozkatzeko deia egin zuten CGLk eta CNLk. Bost zerrenda aurkeztuko dira hauteskundetara.
Caradoceko biztanleak beren etxeak botatzearen kontra agertu dira. Jean Grenet Baionako auzapezak Caradoc auzoko etxebizitzak egoera txarrean zeudela aditzera eman bazuen ere, bertako biztanleek argi eta garbi utzi zuten norberak bere etxea ongi zaintzen duela eta etxeak egoera onean aurkitzen direla.
Bestalde, etxe berriak egitearen beldur ere agertu ziren, etxebizitza berriak egiten badituzte alokairua garestiago ordaindu beharko dutelakoan. Era berean, adierazi zuten lurzorua berriro kalifikatu egingo dutela, eta han urteetan bizi den jendea kanpoan geldituko dela. 1958. urtetik, etxeak eraiki ziren garaitik, Caradoceko etxe sozialetan bizi den emakume adindu batek argi eta garbi adierazi zuen bere iritzia: «Ni oso ondo nago nire etxean, eta ez dut hemendik joan nahi. Hemen dena ondoan dago: dendak, klinika, ingurune berdea, denetarik dago hemen».
Halaber, eraikinak beste toki batean egingo dituztela ere aditzera eman izan dute, eta Caradoceko biztanleek auzoak dituzten zerbitzu guztiekin gustura bizi direla jakinarazi zuten. Herriko Etxearen hirigintza planak etxe horiek dauden tokian bide bat egitea aurreikusten duela adierazi zuten, beraz, eraikin berriak beste nonbait egingo lirateke.