BILBO
Lau milioi euroko diru-laguntza emanen du Bizkaiko Aldundiak joan den uztaileko txingor ekaitzak lehen sektoreari egindako mina arintzeko. Hiru milioi eta erdi basogintzarako erabiliko dituzte eta gainerako 500.000 euroak nekazaritzarako.Udako erauntsia zela-eta, onddoen eritasunek oihaneko landareak kaltetu zituzten. Horiek berreskuratzeko kostuaren %100 ordaintzea da Aldundiaren asmoa. Gainera, fusarium circinatum onddoa erauzi eta kontrolatzeko programa onetsi du Gobernu kontseiluak. Beraz, kutsatutako materialak suntsitzeko, mintegiak garbitzeko, lehen transformazioko enpresetarako eta egur parkeetarako laguntzak emanen ditu.
Aldundiaren azterketaren arabera, berez berreskuratu ezingo diren eta zainketa berezia beharko duten 1.200 hektarea daude probintzian. fusarium circinatum onddoak eragindako gorabeheren inguruko txostena ere prestatu du Aldundiak.
Nahiz eta laguntzak eskuratzeko lau hilabeteko epea ezarri duen, fusariumari aurre egiteko dirua edonoiz eska daiteke. Mendien jabeak, mintegien arduradunak eta egur parkeen jabeak izan daitezke onuradunak.
Nekazaritzara bideratutako diruari dagokionez, aurrekontuko 500.000 euroetatik 120.000 laboreen kalteak arintzeko erabiliko dituzte, eta 376.000 berotegiak konpontzeko. Uzten gainekoa da hobetsi duten dekretua, eta zenbait baldintza zehaztu dituzte dokumentuan: galeren zenbatekoa 600 eurotik gorakoa bada soilik lagunduko dute diruz, eta kasu bakoitzean 25.000 euro emanen dituzte gehienez. Hilabete izanen dute nekazariek eskaera egiteko.