Asier AIESTARAN
DONOSTIA
Aimar Olaizolak zenbakiak bere alde ditu igandean Abel Barriolaren aurka jokatu behar duen partida erabakigarrirako. 2000. urtetik hona, bi nafarrek bost aldiz neurtu dituzte indarrak Lau eta Erdian, eta guztietan goizuetarra irten da garaile. Leitzakoak, beraz, estatistika apurtzea izango du helburu Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Txapelketa nagusiari dagokionez, 2002. urtean bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka. Finalerdietan Aimarrek 22 eta 16 menderatu zuen Abel eta abenduaren 29an jokatutako final handian 22 eta 13.
Bi urte geroago, 2004an, egoera errepikatu egin zen, baita irabazlearen izena ere. Finalerdietako ligaxkan Olaizola II.ak 22 eta 9 astindu zuen Barriola; finalean emaitza are eta argiagoa izan zen: 22 eta 8.
Bosgarren lehia iazko Nafarroako Lau eta Erdikoan jokatu zuten. Hor ere, San Fermin egunez jokatzen den final handian egin zuten topo bi nafarrek eta, Aimar irten zen garaile (22-11).
Zenbaki horiek denak biribiltzeko kontuan hartu beharreko beste zenbait datu interesgarri ere badira. Buruz Buruko Txapelketan aurkitu dugun bien arteko azken norgehiagokan Olaizola II.ak 22 eta 2 hartu zuen mendean Barriola. Eta Leitzakoak irabazitako bi txapelketetan 2001eko Lau eta Erdikoa eta 2002ko Buruz Burukoa Aimarrek ez zuen parte hartu lesio baten erruz. Igande honetan estatistikek diotena beteko ote da?
Lehen aukeraketa
Asteburura begira, gaur egingo dute lehen pilota aukeraketa Iruñeko Labrit pilotalekuan. Irujo eta Titin 11.30ean bilduko dira materiala hautatzeko, eta neurketari begira dituzten helburuak argitzeko. Ez da ahaztu behar Irujo finalerako sailkatuta dagoela jada eta Titinek ez duela inolako aukerarik finalean sartzeko.