GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-30
XVI. eta XVII. mendeetan «gertatu zena ordez, gerta zitekeena» kontatu du Epaltzak
·Bi pertsonaia nagusi ditu: erreala bata, Axular, eta iruindar idazleak berak asmatutakoa bestea, Joanes Mailu

Lau urte inguru eman ditu Aingeru Epaltzak azken eleberria idazten, «Mailuaren odola. Erresuma eta Fedea I». XVI. eta XVII. mendeen artean girotu du, eta oinarri historiko sendoa izan arren, «lizentzia ugari» hartu du iruindarrak «gerta zitekeena» kontatzeko. Trilogia baten lehendabiziko pausoa besterik ez da, gainera; datozen urteetan, hortaz, Joanes Mailu pertsonaiaren abentura gehiagoren berri izateko aukera edukiko dugu.

IRUÑEA

Oinarri historikoko abenturazko nobela bat kaleratu du Aingeru Epaltzak: “Mailuaren odola”. XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroako Erresumara jo du horretarako, eta pertsonaia bat asmatu, Joanes Mailu; hain zuzen, liburuari izenburua eman diona. Garaiko gorabeheren artean pertsonaia horren abenturak erabili ditu idazleak benetako gertakarietatik abiatuta «gerta zitekeena» eraikitzeko.

Fikziozko pertsonaiarekin bada benetakoa den besterik ere, nahiz eta Axularrek hartzen duen pisu handien. Istorioari hasiera eskuizkribu batek ematen dio, liburuaren argitaratzaile Xabier Mendigurenek esan moduan, «liburu historikoetan ia derrigorrezkoa den eskuizkribuak»; hain zuzen, Axularrek aurkitzen duena. «Gertakizunak bi garaitan gertatzen dira; bi pertsonaia dira eta bi garai desberdin, hortaz. Batek, zahartzaroan, bere bizitzaren berri ematen dio bere buruari; bere bizitza idazten du, baita bere aurrekoena ere, aitatxitik abiatuta. Joanes Mailu da hori. Mailu Iparraldera erbesteratu zen baten iloba da, 1521ean ihes egin behar izan zuen iruindar batena. Bigarren pertsonaia Axular da eta horrek ia 40 urte geroago kontatzen du nola joan zen Paristik Sarara, eta bidean nola egin zuen topo Mailurekin. Hor abiatzen da nolabait ere istorioa», azaldu zuen Epaltzak aurkezpenean.

Liburuan abentura nagusitzen bada ere, gogoeta lana ere badela argitu zuen idazleak. Izan ere, kontatzen deneko garaia, «gure irudikerian itsatsitako» garaia da Epaltzaren hitzetan, eta «aukera galduen» mendetzat jo ahal dira XVI. eta XVII. mendeak.

«Garai hura abertzale-euskaltzaleen irudikerian itsatsitako garaia da. Badirudi gauzak desberdin izateko aukera galdu genueneko mendea dela. Beharbada, Erresumak iraun izan balu, gauzak politikoki desberdin izateko aukera izango genuen, baita hizkuntzaren aldetik ere; garai horretan sortu baitzen, azken finean, euskal literatura jasoa, eta erlijioaren aldetik ere gauzak desberdin izateko aukera orduan izan genuela ematen du, erreformen garaia izan baitzen», adierazi zuen. Aingeru Epaltzaren lanetan ohikoa den moduan, ironia kutsua du obrak, «batez ere idazlearen hautuetan», Mendigurenek esan zuenez.

Eta adierazgarri moduan, protagonista bi aldiz errege-odoleko eta bi aldiz sasiko dela. «Maiz leporatu didate halako krudelkeria bat nire pertsonaiekin, halako sadismo bat. Mailutarrak, berriz, deus izatekotan masokistak lirateke. Bai aitatxi bai iloba bortxaketa banaren emaitza dira, eta, hala ere, haien fideltasuna ez da inola ere kolokan emanen. Erresumaren defendatzaile sutsuenak dira», esan zuen Epaltzak.

Axularrekin batera badira pertsonaia erreal gehiago ere liburuan, Etxepare, Leizarraga, edo Zalgize adibidez, baina «bere erara moldatuak», iruindarrak argitu zuenez. Axular, esaterako, «emakumezale porroka- tua» da. «Gaiztakeria txiki bat da baina joko handiagoa ematen dit, noski, apaiz on eta txintxo batek baino», adierazi zuen.



«Dena Amaiurrekin bukatzen dela ematen du»
Dokumentazio lan nekeza egin behar izan du Aingeru Epaltzak “Mailuaren odola”n benetako historiatik bere istorioa egiteko. «Erabili dudan bibliografia gehiena frantsesa izan da, gai honen gainean oso gutxi argitaratu baita, euskaraz batere ez, eta gaztelaniaz gutxi. Gure historia Amaiurrekin batera bukatzen dela ematen du gehienetan. Horretaz gain, bidaiak ere egin behar izan ditut», esan zuen idazleak. -



Mailu Nafarroako Erresumatik atera zenekoa

IRUÑEA

«Liburu bakarra egitea hauta nezakeen, baina euskal merkatuak nekez onartzen ditu orrialde kopuru jakin batetik aitzina egiten diren lanak; gainera, hasieratik nuen garbi pertsonaia nagusiaren bizikizunek nobela bakarrerako baino gehiagorako ematen zutela», argitu zuen Aingeru Epaltzak. Lehen liburu honetan gertakari berak kontatzen dituzte bi pertsonaia nagusiek, baina bi garai desberdinetan; nahasi egiten dira, hortaz.

Bigarren zatiaren gorabeherak argi ditu idazleak, baina egiteko asko du horiek idazten hasi aurretik. Hori bai, «erresumatik kanpora mundua ere badela» ikasiko du Joanes Mailuk hurrengo zatian.

Bien bitartean, Joanes Mailuren lehendabiziko istorioa kalean da. Hizkuntzaren gainean honako hau esan zuen: «Hiztegi aldetik irakurleak ez du arazorik izango. Hasieran, zamatsuagoa egingo zaio irakurketa, baina behin ohituta, erraz irakurriko du. Euskara-batu-zabaltzat jo dezakegu idazteko erabili dudan hizkuntza, ez baitut konpromiso komertziala ahaztu. Egia da kezka handien ekarri didan afera hauxe izan dela, beharbada. Leizarragaren hizkuntza eredua erabiltzea oso lan nekeza zen, bai niretzat baita irakurlearentzat ere, eta Axularrena gertuagokoa bada ere, irakurleak urrun du. Ez dut soka sobera tinkatu nahi izan. Bada gure klasikoen prosaren oihartzunik, baina euskaraz irakurtzeko ohitura duen irakurle arrunt batentzat aski eskuragarria dela uste dut. Nire bertze liburu batzuen aldean erranen nuke irakurterrazagoa dela», adierazi zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Ertzaintza responde con cinco arrestos a la crítica del juez
Ekonomia
Cada día un 5% de los trabajadores de la UE acaba en el paro por riesgos sicosociales
Euskal Herria
Ahotsak plantea mecanismos para que la mujer sea sujeto activo en el proceso
Jendartea
Nueva protesta contra los trabajos del TAV en Luku
Kirolak
Puñal guía hacia la victoria continental
Euskal Herria
La Policía francesa detiene a tres presuntos militantes de ETA
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss