Bap, Jotakie eta Rory Gallagher-i buruzko liburuak kaleratu dituzte
·Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak aurkeztu ditu Bosgarren Haria bildumaren azken hiru aleak
BILBO
Iaz abiatu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Bosgarren Haria bilduma. Sakelako liburu hauen argitalpenarekin, euren «musika ondareaz ikuspegi historiko-kritiko bat» hartu nahi du zigilu horrek.
Liburuak irakurterrazak, argazkiz apainduak eta dibulgatiboak dira. Iaz Itoiz, Ramones, The Clash eta Public Enemy izan ziren aztertu zituzten taldeak. Aurten, berriz, Bap, Jotakie eta Rory Gallagher dira aukeratutakoak.
Joxi Ubeda (Ibarra, 1965) Berriako kazetariak idatzi du “BAP: bai horixe” liburua. «Bap talde aitzindaria izan zen, hardcorean abangoardiako talde bat Euskal Herrian. Disko gutxi atera zituen, baina bere ibilbidean errespetua irabazi zuen», esan zuen Ubedak. Bere liburuan hamarkada baten kronika egiten da aldi barean: gaztetxeak, fantzineak, irrati libreak, okupazioa eta hainbat borroken garaia izan zen.
“Rory Gallagher: Kemena eta leialtasuna” da Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978) kazetariaren lehenengo liburua. «Nazioartean Rory Gallagher ez dute behar bezala baloratu; gaztelaniaz, adibidez, ez dago berari buruz ezer argitaraturik. Aldiz, Euskal Herrian bere zaleak garenok oso zale sutsuak gara», aipatu zuen kazetariak. Biografia egiteaz gain, artista irlandarrak Euskal Herrian emandako bost kontzertuen kronikak egiten ditu. Horretarako, garaiko testigu ezagunen gogorapenak ekartzen ditu, baita Gallagher anaia eta manager izan zenarenak ere.
Jotakieren inguruko liburua Xabi Borda (Azpeitia, 1981) kazetari eta ikasleak idatzi du. Oraingoan, ez da zale baten erabakia izan, Borda ume bat zelako taldea jaio zen garaian. Baina biak dira Urolakoak. Libu- rua egiteko, Borda protagonistengana joan da eta denbora gehiena dokumentazio lanean eman du, elkarrizketa mordoa egin baitu. Egileak taldearen balioa nabarmendu du: «Rock radical delakoaren urteak ziren, baina Jotakie kontrako noranzkoan saiatu zen. Pop-rock egiten zuten, gustatzen zitzaiena, bereziak izan ziren».
|