BILBO
Bilboko Kalderapeko Kulturgunean aurkeztu zuen atzo “Aizu!”k bere 312. zenbakia, aldizkariaren 25 urteak betetzera datorrena. Aldizkaria sortu zu- en taldeko kide Esther Zarandonak gogoratu zuenez, 1981-eko Durangoko Azokan ikusi zuen argia “Aizu!”ren 0. zenbakiak, Bilboko euskara irakasle eta ikasle batzuen ekimenez.
Harrezkero, euskara ikasleei euren ikasteko prozesuan lagundu dien tresna izan da “Aizu!”, batez ere, 1983ko azaroan AEKrekin bat egin zuenetik.
Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, «gaur egun Euskal Herriko AEK-k sustatutako aldizkaria da, ikasleentzat egindako produktua, euskara errazean idatzitakoa eta irakasleentzat ere lagungarri gertatzen dena klaseak prestatzerakoan».
Urteurrena dela-eta, zenbaki berezia kaleratu du “Aizu!”k, ohiko formatu eta edukiak alde batera utzi eta 25 urteotan aldizkariaren orrietan agertutakoari garrantzia emanda.
Horrela, 25. zenbakia erreferentzia bihurtu da eta “Ai-zu!”ren historian kaleratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje, AEKri buruzko 25 albiste eta abar hautatu dituzte ale hau osatzeko. Guztiak agertzen dira bere horretan, inolako aldaketarik gabe, euskarak 25 urteotan bai terminologian bai arauetan izan duen eboluzioaren isla.
Bestalde, Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileak azaldu zuenez, urteurren honetan “Aizu!”tik igarotako laguntzaileak eta irakurle nagusi diren euskara ikasleak izan ditu gogoan batik bat AEKren aldizkariak. Lehenei begira, jaia antolatu du Bilboko Kalderapekon biharko, bertatik pasatutakoak bildu eta zoriontzeko. Eta irakurle eta ikasleei dagokienez, berriz, ikasturte osoan euskaltegiz euskaltegi mugituko den erakusketa ibiltaria prestatu du aldizkarien azalekin.