Hamaika kanta gerra aurreko poeta baten omenez
Disko bitxia da «Zera», Jokin Lasak eta Miquel Saumellek atzo Donostiako Fnac-en aurkeztu zuten diskoa. Jokin eta Josu bikote kantariko kidea da lehena eta 70eko hamarkadan harekin ibilitako Kaki Arkarazoren laguntza izan du diskoa egiteko orduan. Abrego, Senperena eta Elizalde musikariek ere hartu dute parte grabazioan.
DONOSTIA
Jokin eta Josu bikote kantaria ezaguna da edo izan zen, hobeto esanda, 70eko hamarkadan. Kaki Arkarazo, gero Negu Gorriak-eko gitarra izan zena, bikotearekin hasitakoa da. Urte mordoska geroago berriro elkarrekin egin dute topo, eta Debako Peli Markiegi gerra aurreko poetaren omenez disko bat kaleratu dute, “Zera” izenarekin. «Ekoizpen lana Kakik egin du eta berak bildu ditu bere lagunak, Mikel Abrego bateria, esaterako, eta beste zenbait ezagun, Joserra Senperena teklatu- jotzailea edota Jon Elizalde tronboia», esan zuen atzo Jokin Lasak, diskoan bildu dituzten kanta guztiak egin dituenak.Diskoaren asmoa orain urtebete pasa, 2005eko irailean, Debako Zubeltzu antzokian Peli Markiegiri bere jaiotzaren mendeurrenean egin zitzaion omenaldian dago. Poetaren olerkiak eta beste zenbait lan biltzen zituen “Lutsurregitarrak” liburua aurkeztu zuen Lukax Dorronsorok, omenduaren bi antzezlan egin zituen Goaz taldeak eta Jokin Lasak eta Miquel Saumellek Peliren olerkietan oinarritutako dozena erdi bat kanta eman zituzten.
Lazkaotar bat Deban Jokin Lasa lazkaotarra da, baina Deban bizi da azkenaldian. «Peli Markiegiren berri banuen, diskoan ageri diren olerkian neure eskuetatik pasatu baitziren orain urte batzuk eskuizkribu zirenean. Debako kontu zaharrak arakatzeko zaletasun pixka bat badudalako eman zidaten karpeta hori. Dena den, benetako bilketa lana Lukax Dorronsorok egin zuen. Liburuan bildu zituen lanik gehienak argitaratu gabeak ziren», esan zuen Jokin Lasak. Peli Markiegi Debako Latsurregi etxean jaio zen 1905ean familia abertzale batean. Anaia bi (bat herriko alkate zen) fusilatu egin zituzten frankistek eta Pelik atzerrira jo behar izan zuen eta Argentinan hil zen 1946an. «Peli apaiza zen eta bere poesiak erlijio kutsukoak dira gehienak. Nik erlijio kutsu gutxien zutenak aukeratu nituen eta sei olerki musikatu nituen omenaldi egunerako. Hortik sortu zen diskoaren asmoa. Udaletxeari proposatu zitzaion ideia eta onartu egin zuen. Jokin eta Josuren ibilbidea 1980an bukatu zen. Urte horretan Jokinek kanta bat grabatu zuen Itziarko Mandiope dantza aretoak antolatu zuen lehiaketa bat irabazi ondoren. “Mandiope 80” da diskoaren izena. Geroztik behin bakarrik elkartu dira kanturako, Beasainen egin ziren Kilometroetan. «Kilometroak girotzeko Lazkaomendin antolatu zuten emanaldi batean hartu genuen parte biok», gogoratu zuen Jokinek.
Debako omenaldirako lagun berria bilatu behar izan zuen eta gitarra elektrikoa jotzen duen Miquel Saumellekin elkartu zen. Biak izan ziren atzo diskoaren aurkezpenean.Hamaika kanta daude “Zera” diskoan, hamar Peliren olerkiak musikatuz eginak eta bat Lukax Dorronsororen hitzak dituena. «Melodiak eta egokitzeak Saumellen eta bion artean egin ditugu», esan zuen. Jokin Lasak ez daki jendaurreko emanaldirik egingo duten edo ez. «Zaila ikusten dut taldea biltzea, asko garelako», esan zuen Jokin Lasak. Diskoa Irusta Records etxeak atera du, Mikel Errazkinen ardurapean.
|