MEXIKO
PRD ezkerreko eta PAN eskuineko diputatuen arteko istiluen ondorioz, saio iraunkorrean dago Mexikoko Kongresua.
Andres Manuel Lopez Obrador bere burua «presidente legitimo» aldarrikatu berri duena ezkerreko hautagaiaren eta Felipe Calderon kontserbadorearen arteko liskarrek ikuskizun ahaztezina eskaini zuten astearte arratsaldean Mexikoko Legebiltzarrean, telebistaren bitartez mundu osoan ikus ahal izan duguna. Lopez Obradorrek ez ditu onartzen Presidentetzarako bozetan garaipena Calderoni eman dioten emaitza ofizialak. Makina bat protesta egin dute ezkertiarrek eta iragarri dute bihar egitekoa den Calderonen inbestidura ekitaldia bertan behera utzaraziko dutela.
PRDko parlamentariek bilera egin zuten Kongresuko saioari hasiera eman aurretik. Beste gauza askoren artean, bilera horretan hamar diputatu izendatu zituzten, inbestidura eragozteko zer egin proposatzeko.
Baina ezer erabaki baino lehen, “La Jornada” egunkariak emandako informazioaren arabera, zurrumurru bat zabaldu zen Kongresuko korridoreetan: ezkerrekoek tribuna hartzeko asmoa zutela.
PANekoek, hori entzun zutenean, aurrea hartzea erabaki zuten. Hasieran tribunara doazen bi bideak itxi zituzten, ezkerrekoek iristerik izan ez zezaten. Alfer-alferrik aritu zen Jorge Zermeño ganberako presidentea bakoitza bere eserlekuan jartzeko eskatzen. Tentsioa gero eta handiagoa zen.
Zermeñok, nahiz eta bera PANekoa izan, ezkertiarrei eman zien arrazoia eta onartu zuen eskuinekoek tribuna hartu egin zutela. PRDko Ruth Zabaleta tribunara hurbildu zen presidenteari zerbait galdetzeko, baina bertan zeuden PANekoek bultzadaka bidali zuten bere eserlekura. Ia gauza bera gertatu zitzaion geroxeago Cuauhtemoc Sandovali: lurrean bukatu zuen. Orduan tentsioa areagotu egin zen eta PRDkoak tribunara hurbildu ziren. Zermeñok lasaitasuna eskatzen zuen behin eta berriz. Halako batean, segurtasun indarrei eskatu zien bertaratzeko, baina berehala zuzendu zuen bere mezua eta ez bertaratzeko eskatu zien.
Egoera gero eta okerrago zegoela ikusita, saioari amaiera jartzea erabaki zuen Zermeñok, eta biharko inbestidura ekitaldirako deialdia egin zuen: goizeko 9.30ean San Lazaron bertan.
Inork ez daki zer pasatuko den bihar. PANekoek eta PRDkoek bertan jarraitzen dute, eskuinekoek tribunan eta inguruetan eta ezkerrekoek ondoko geletan. Astearte gaua bertan eman dute eta bart gauza bera egitekoak dira.
Kongresuan izandako borroken emaitza ere aipatzekoa da: PRDko sei diputatu zauri arinekin eraman zituzten Parlamentuko medikuarengana.