Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Sailak igorritako gutuna jaso dut. 1936ko gerraren ondorioz pairatutako askatasun-gabetzeagatik 2002ko Aministiaren Legeak aurreikusten zu- en konpentsazio ekonomikoa luzatuko zaidala adierazten zait bertan. 858 eguneko askatasun-gabetze- aldia onartu didate eta ia ordain liezadaketen guztia jasoko omen dut.
Horrekin aspaldi eskatzen aritu naizen «konpentsazioa» eskaini nahi bide zait. Eta, ondorioz, isilik gera nintekeen behingoz, azken erabaki horrekin Administrazioak zeharo kitatzen omen ditu-eta gurekiko zor guztiak.
Inoren artaleak ukitu gabe gera nintekeen, jakina. Baina ezin, mintzatu beharra dut lasai geratuko banaiz, izan ere, ez baiteritzot diru ordainketa horrekin errepresaliatu-egoera errekonozitua geratzen zaidanik. Are gehiago (eta benetan atsekabetzen nau hau esateak), iraindua sentitzen naiz berriro ere.
Bi hitzetan: 1940ko abuztuaren lehenetik 1942ko abenduaren 19ra bitartean «diziplina-batailoi» izene- koetan igarotako denbora «onartu» bazait ere, ez da berdin gertatu horren aurretik kontzentrazio-esparruetan igarotako urte parearekin. Zeren, edonork da- kien legez, “Santoñako Ituna”-ren bitartez (1937/08/24) Laredoko hondartzetan harrapatuak izan ginenok ez ginen hurrengo egunean etxera bueltatu, ez.
Orduan ere askatasunik gabeko egoera ezin larriagoan suertatu ginen han harrapatutakook. Gutako batzuk bertan geratu ziren betiko; beste batzuk handik gutxira hil zituzten. Askoz ere zorte handiagoa izan genuenok, halaz ere, kontzentrazio-esparru madarikatuetan igaro genituen hurrengo hilabeteak. Akorduan dut Castrokoan izan gintuztela lehendabizi, Miranda, Gallur, San Pedro de Cardeña eta Harokoetan gero; nik dakit, bada, non ez gintuzten sartu! Eta guztietan piztia hazteritsuak izango bagina bezala. Eta horrela izan nintzen ni ere beste asko eta asko bezalatsu gero ere: gorputz guztia haragi bizian, zikinkeria, elikagairik eza eta, nola ez, hazteri gordina zirela medio.
1939ko udara arte, orduan itzuli bainintzen lehenengoz etxera, ia bi urteko errepresalia-aldia ateratzen zait nire kontuetan.
Baina ez dut «askatasun-gabetze» horren «egiaztagiri»-rik izan, ez behintzat enekin batera ibilitako batek Haroko kontzentrazio-esparruan 1938ko irailaren 10ean idatziriko gutuntxo bat besterik (non ote zaudete gutunkide agertzen zineten Teodoro Egiguren Gurrutxaga eta Celestino Lo- zano Celedonio eibartarrak, Pedro Leturia Gallastegi eta Juan Beitia Guridi arrasatearrak, Julian Arantzeta Arantzeta elgetarra, Gregorio Lopetegi Bengoetxea eta Gillermo Diaz Lopez irundarrak, Jose Rodriguez Chorro tolosarra, Pedro Oses Zabala, Regino Martinez Marin, Eugenio Andoaga Barea, Julio Nuñez Lopez eta Martin Olariaga Zaldibia donostiarrak, Frantzisko Ibarguren Urretabizkaia pasaitarra, Silvestre Maeso Mardones beasaindarra, Jazinto Lopez Berzosa bergararra, Eduardo Zuñiga Zabaltza errenteriarra eta Eduardo Martinez de Añibarro Andres? non ote gutunaren erredaktatzaile eta sinatzaile izan zinen Volney Conde-Pelayo Urraza?). Idazki horren lekukotasunak ez du balio izan ni gerra amaitu zenetik gutuna- ren erredakzio-ordura arte behinik behin (urtebete luzea, ikusten denez) kontzentrazio-esparruetan, askata-sunik gabe, izan nintzela egiaztatzeko.
Eta, nonbait, ez Administrazioak eta ez hark jarritako historialariek ez dute izan nire eta nirea bezalako egoeran daudenen gabezia dokumentala osatzeko aukerarik izan: ez batailoien nondik norakoen berririk, ez haiek osatzen genituenon izen-zerrendarik, ez eta geroago kontzentrazio-esparruetan barrena jasan behar izan genituen ibileren albisterik ere. Antza denez (zer besterik ulertu behar dut, bestela, errepresio-garai hartaz isiltzen eta onartzen ez zaidanaz?), Administrazioaren uste ofiziala da gu, gerra-galtzaileok, Laredokoaz geroztik lagun-koadrila alai baten gisa ibili ginela herriz herri, etxera itzultzeko gogorik gabe. Eta horrela bi urtez.
Adinak zaildutako sentsibilitatea izango da, baina, nola esan, nekez gogobete nazake konpentsazio ekonomikoaren berriarekin batera etorri zaidan justifikazio administratiboak.
Aurreko batean, horrela idatzi nion honen guztiaren ardura izan duen sailburuari: «Guk badakigu zein aldetan aukeratu genuen jokatzea eta nola jokatu genuen [...] Guk badakigu zer-nolako ondorioak pairatu behar izan genituen, psikikoak fisikoak baino biziki latzagoak izan zirelarik. Eta badakit zertaz ari naizen, zeren eta, aita eta adiskide minenak galtzeaz gainera, ni neu ere egoera arras tamalgarrian izan bainintzen luzaroan. Eta badakigu zenbat eta zenbat jasan zuten gure familiek eta gure lagunek egoera hits hargatik eta, jakina, gugatik ere... nahiz eta ezin erakuts dezakegun horren egiaztagiririk.
Hori dena bagenekien eta badakigu. Eta bihotzean daramagu urte dramatiko eta triste haietan ikasitako guztia; baina benetan gorde duguna jendearen elkartasun konplizea izan da beti, hasieratik beretik gurekiko izan duen begirunea, maitasuna. Eta duin sentiarazi gaituzte beti.
Eta harrotasunez diogu hori guztia, zeren eta duintasuna izan baita errepresaliatu gintuzten gerra-kriminalek ezin kendu ziguten gauza bakarra.
Eta, esan gabe doa, duintasunezko tratua espero genuen gure borroka eta ahalegin haien fruitua ere den Eusko Jaurlaritza horren aldetik».
Horrela adierazi nion azken helegite-idazkian. Itxaropena galdu ezinik.
Egun nekatua naiz dagoeneko. -