Hezkuntza behar berezia duten ikasleek material berria dute
Gasteizko Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasle etorkinei eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei zuzendutako materialak aurkeztu zituen atzo. Besteren artean, hiperaktibotasuna izateagatik arreta urria jartzen duten umeekin jarduteko gida bat dago eskaintzan.
BILBO
Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak material didaktikoa aurkeztu berri du. Batetik, hiperaktibotasuna duten umeekin jarduteko gida bat argitaratu du Gasteizko Gobernuak, ikasleei nahasmendua hobeto ezagutzen laguntzeko, eta ume horiekin lan egitean jarraitu behar dituzten irizpideak jakinarazten ditu.Bestalde, hainbat CD argitaratu dituzte ikasle etorkinei harrera egin eta integratzen laguntzeko. Gainera, joko interaktiboak plazaratu dituzte ikasle eta irakasleei zuzenduta, eta, batez ere, garapen arloan zailtasun larriak dituztenei zuzenduta, autismoa edota Down sindromea dutenei barne. Izan ere, atzo aurkeztutako materialen artean, “Jolas gaitezen” izeneko jolas interaktiboa dago. Gasteizko Lopez de Gereñu ikastetxean garatu dute, eta orainArabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste ikastetxeetara zabalduko dute. Egileek nabarmendu zutenez, material «inklusiboa» da, arazoak dituztenekin lantzeko tresna izateaz gain, gelako gainerakoekin lantzeko balio baitu.
«Zubirik zubi», etorkinentzat
Atzo aurkeztutako materialen artean, ikasle etorkinen beharrizanei erantzuteko “Zubirik zubi” izeneko CDak daude. Saileko teknikariek prestatutako materiala da, eta ikasleak eta irakasleak orientatzeko baliagarria izango dela nabarmendu zuten. Horren xedea etorkinak integratzen laguntzea da, eta harrera, hizkuntza eta curriculuma ataletan banatuta dago. Hizkuntzaren atalari buruz, etorkinen kezka nagusia dela azaldu zuten, eta horregatik, hizkuntzak lantzeko orientabideak ematen dituztela esan zuten. Lehenengo eta Bigarren hezkuntzetako ikasleentzat egokituta dago, eta hizkuntza, natur zientziak eta giza zientziak lantzen ditu. Gasteizko Hezkuntza Sailak www.hezkuntza.net webgunean jarri ditu atera berri dituen material guztiak.
|