Bizkaitar, gipuzkoar eta arabarren %5 etorkinak dira
Ekonomiako eta gizarteko datuak jaso eta txostena kaleratzen du Eustatek bost urtetik behin. Atzo aurkeztu zuen azkena, eta atzerriko biztanleriaren berri ere eman zuen. Orain dela hamar urte arabarren, bizkaitarren eta gipuzkoarren %1,5 ziren etorkinak; gaur egun, aldiz, %5. Azken bost urteotako immigranteen %70 latinoamerikarrak dira.
BILBO
Hogei urte dira Eustat institutua sortu zutela, eta Josu Iradi zuzendariak eta Mikel Zurbano koordinatzaileak 2006ko txostena aurkeztu zuten atzo, Bilbon. Hemeretzi lagunek osatu dute lana, unibertsitateko irakasleak gehienak, eta Eustaten estatistika tresnez baliatuta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gizartearen eta ekonomiaren hainbat alderdi aztertu dute. Atzerritik etorritako herritarren gaia ere landu dute aurreneko aldiz.Biztanleriaren %1,5 izatetik ia %5 osatzera pasatu dira etorkinak hamar urteotan. Gainera, Mikel Zurbanoren aburuz, zifra horiek %15era igoko dira ziurrenik etorkizunean. 1998an 15.000 etorkin zeuden hiru probintzietan; 2005ean, berriz, 73.000. Bertze daturik ere ageri da txostenean: immigrante gehienak, %70, Latinoamerikakoak dira. Gehienak hirietan bizi dira; Donostian, Gasteizen eta Bilbon hirutik bi. Hiru probintzietako erronkei buruz mintzatu zen gero Zurbano. «Garapen proiektuaren sendotasunaren eta globalizazio prozesuari aurrea hartzeko gaitasunaren araberakoa izango da erantzuna», ziurtatu zuen. Koordinatzailearen ustez, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gizartearen eta ekonomiaren ezaugarri nagusiak eta Europako bertze lekuetakoak nahiko antzekoak dira, nahiz eta berezitasunak ere badiren. Hiru probintzietako gizartea «aberatsa» dela iruditzen zaio, baina alderdi positiboak eta negatiboak ikusten ditu integrazio prozesuan. «Hobekuntza nabarmena izan den arren, oraindik bide luzea dugu egiteko Europako batez besteko ongizatea eta kohesioa izatera iritsi nahi badugu», adierazi zuen. Lan merkatuari dagokionez, langabezia tasa nabarmen jaitsi dela azaltzen du txostenak, baita populazio aktiboa igo dela ere, gero eta emakume eta immigrante gehiago ari delako beharrean. Denak ez dira datu positiboak, ordea. «Ez da kalitatea hobetu», ohartarazi zuen Zurbanok. Are gehiago, okertu ere egin dela erran zuen, behin-behineko eta ordukako lanak ugaldu direlako, emakumeentzat bereziki. Babes soziala hobetu dela adierazten du Eustaten azterketak, eta ongizatea, integrazioa eta kohesioa lortzeko onuragarria deritzo horri Zurbanok. Hala eta guztiz ere, beharrezkotzat jotzen du babesa indartzea, «oraindik Europako adierazleetatik urrun gaude-eta». Txostenaren arabera, familiako egituren «indarrak» langabeziak, eritasunak eta dibortzioak sortzen dituzten beharrei aurre egiten laguntzen du. «Horregatik ez dira azken urteotan txirotasuna eta bazterketa soziala modu nabarmenean igo, Europako iparraldeko herrialde batzuetan gertatu den bezala». Etxebizitzen inguruko datuak ere eman zituzten atzo Eustat institutuko kideek, eta bizilekua lortzea «gero eta zailagoa» dela erran zuten. «Bazterketa soziala dakar horrek».
Modernizazio eta berrikuntza eskasa
Mikel Zurbano txostenaren koordinatzailearen arabera, urteotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, gizartea eta erakundeak berritu egin dituzte, baina «ez behar adina». Informazioaren gizarteari dagokionez, aurrerapauso handia izan dela jakinarazi zuen, nahiz eta oraindik «bultzada handiagoa» behar duen. Ezinbestekoa deritzo bereziki enpresek informazio teknologiak erabiltzeari. Hiru probintzietako berrikuntza sistemaren ahulezia «nabaria» aipatu zuen azkenik. -
|