«Arau Subsidiarioak bi enpresaren agindutara moldatu dira Oiartzunen»
OIARTZUN
Oiartzungo hamaika talde eta herritarrek gogor salatu dute Udalaren jarrera Ordezko Arauen eraberritze prozesuan. Gaur izango den osoko bilkuran arauak behin betiko onartzeko asmoa du eta, artean, herritarren alegazioak «erantzun gabe» daudela salatu dute. Gainera, beren arrazoibideak udal ordezkariekin zuzenean eztabaidatzeko aukerarik ez dutela izan esan dute. «Argi geratzen da oiartzuarron premia eta beharrak ez dituztela kontuan hartu», gaineratu dute. Ordezko arauen eraberritze prozesu osoa «Brues eta Amenabar promotore erraldoien intereserako» egin dutela salatu du herritar talde zabal batek. Beren ustez, Martin Beramendi EAko alkatea «txotxongilo» bat baino ez da izan bi enpresa horien menpe.
Horiek hala, hainbat eskaera egin dizkiote Udalari: herritarren parte-hartzea bermatua eta errespetatua izan dadila, alegazioak aurkeztu dituztenek udal ordezkariekin zuzenean eztabaidatzeko aukera izan dezatela, eta hori guztia bermatu arte prozedura gera dadila. Gaiaren larritasuna ikusita, gaur 18.00etan osoko bilkurara joateko deitu dituzte oiartzuarrak.
|