GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-19
Xabi PAYA | Bizkaiko bertsolari txapelduna
«Amagatik balitz, bi semeok pasatu beharko genuen buruz burukora»
Une hunkigarri bat baino gehiago eman zizkion txapeldun berriak larunbateko finalari. Bakarkakoan, De Juanaren amaren larruan kantatu zuen hirugarrenak sekulako txalo zaparrada eragin zuen, esate baterako. Baina azken agurrean txapela amari eskaintzeko gaztelaniaz kantatu zuenarekin bereganatu zuen erabat publikoa. Amak negar egin omen zuen, baina beste askok ere bai.

Txapeldun zela jakin bezain azkar itzulia egin zuen jauzika Euskaldunako agertokiaren gainean. Makila esku batean eta txapela bestean azken agurra kantatzera mikrora gerturatu eta ama izan zuen gogoan. «Bost izen bota nahi dudaz, merezi daben neurrira/maisu handi Amuriza eta Lopategi biba/Trino ta Joseba Santxo epaile onenak dira/bosgarrena ulertu barik hor egongo da begira/tú no nos diste el euskara, pero nos diste la vida/nos llevaste a la ikastola, aprendimos en seguida/ ya es hora de que entiendas el canto que nos motiva/esta txapela es tuya, ¡ay! nire amatxu querida», kantatu zuen. Finala bukatu eta egun eta erdi pasatu ziren arren, txaloen oihartzunak oraindik gogoan zituela harrapatu genuen atzo txapeldun berria. Egitekoetan tartetxo bat egin zuen.

­Ez duzu jairik hartu?

Gauza bat da eskatzea eta beste bat ematea. Ematen ez badute, ezin da hartu. Goizean Sarrikon emigrazioa eta hizkuntzari buruzko hitzaldi batzuetan aritu naiz aldi bereko itzulpena egiten, eta orain Eskoriatzara etorri naiz, astean bitan klaseak ematen baititut UHEZIn. Oporren aurreko azken klase eguna zen eta ezin izan dut libratu. Tarteka telefonoz elkarrizketak eginez nabil egun osoa.

­Ospatzeko astia ere izan zenuen atzo.

Sekulako aziertoa izan da finala larunbatean egitea bertsolariontzat. Igandea gelditu zait lasai egoteko eta asimilatzeko. Amaitu eta berehala ospatu genuen, larunbat gauean bertan; Alde Zaharrean lehenik eta Kafe Antzokian gero.

­Amak nola bizi izan zuen zure txapelarena?

Oso hunkituta. Nik ez nekien ama non zegoen. Bertsoan bertan han hasi nintzen «hor egongo da begira» esaten. Berak esandakoagatik eta batez ere ingurukoek esandakoagatik dakit berehala negarrez hasi zela, baina dirudienez ez zen bakarra izan, inguruko jende askok egin baitzuen negar. Oso hunkiturik bizi izan zuen, baina bi seme dauzka; biak maite gaitu berdin, eta beragatik balitz, biok pasa beharko genuen buruz burukora eta txapelik eman gabe utzi; horrela, berdin-berdin geratuko ginatekeelako.

­Zure jauziena ez zegoen programatua.

Ez, eta jende askok esan dit hori. Zuriñe Jarrituk nire izena esan zuen unean loteria izugarria tokatu zitzaidala sentitu nuen. Ezin nuen geldirik poz handi hori ospatu. Normalean oso pozik nagoenean saltoka eta korrika hasi eta larunbatean egin nuena egin ohi dut. Uztapidek eta Basarrik, dauden lekuan daudela, zerutik begira, esango dute nik egin dudala beste askok egin nahi izan dutena, ez delako oso normala horrelako sari bat txalo batzuk joaz edo jendearen aurrean bi makurraldi eginez ospatzea. Jendeari nire poza adierazi behar nion eta horixe egin nuen.

­Zure bertsokeran aurretik egindako lana suma zitekeen; hizkeran, esaterako.

Bertsolaritza komunikazio moduan ulertzen dut. Hitza eta kantua da eta bi horiek oinarri hartuta, ondo kantatua da, batetik, eta, bestetik, komunikazioa bada, eskuak mugitzen ditut, hitz egiterakoan egiten dudan bezalaxe, bertsolaritzaren estatikaren estetika hori ahal den neurrian errespetatuz. Lanketa berezia oraingoan bizkaierarekin egin dut. Apustu berezia zen niretzat. Nire buruari frogatu nahi nion natorren bidetik natorrela, bizkaieraz ondo kanta nezakeela. Bizkaiko finalean, nire ustez, Bizkaiko bertsolaritzaren gailurrean, bizkaiera egon behar da. Bizkaiera batuko aditzak landu ditut, hor daukadalako hutsunerik handiena. Nik amari edo aitari ezin diot galdetu nola esaten dugun ‘damost’ ala ‘damosta’ edo ‘deusta’, ‘dosta’ ala ‘dost’. Bizkaiera estandarra hartu dut Labayruko ereduetatik, eta “Bizkaie” aldizkarian idazten dut; horrek asko lagundu dit. Amurizak eta Lopategik erabili dutena edo Elgetzurena ere aztertu ditut. Fredi ari da gure eskualdeko 65 urtetik gorako euskaldun zaharren euskara aztertzen, eta bere euskara izugarri aldatzen ari da, Getxoko euskararen aldera jotzen ari da. Niri ere asko interesatzen zait hori.

­Txapelak zer aldatuko dizu?

Oraingoz eta egun batzuetan ordutegia pixka bat. Nik ez diot txapelari ezer eskatzen. Gehiago ikusten dut erantzukizun moduan. Baina datorrena datorrela. Nik astea lanez beteta daukat. Aurten urte osoan astero saio bat izan dut batez beste. Ez dut askoz gehiago behar.

­Egin dezagun finalaren errepaso azkar bat. Zortziko nagusian ondo hasi zineten.

Ez naiz ni zortziko handian oso ondo hastekoa. Gogoa izaten dut barrera jotzeko eta gehienetan ez da izaten barrerako gaia. Agertokira agertu nintzenean duela bi urteko ikara bera sentitu nuen. Agurrean erdi galduta ibili nintzen, eta inprobisatuz bukatu nuen. Fredirekin egokitu zitzaidan eta niregatik ez bazen ere, beragatik ondo kantatu behar nuela erabaki nuen. Aplikatu nizkion orain bi urte nirekin erabili zituen arma berak; esaterako, familiaren irudia erabili nuen semeak mehatxatzen ninduen aitaren paperean, eta payatarren abizena eta Mari Karmen amaren izena aipatu nituen. Zortziko txikian ere oso gustura kantatu nuen Ibonekin enterratzailearen ofizioan, eta Onintzarekin ere bai hamarreko txikian. Biok ginen finaleko ederrenak eta biok eraman gintuzten klinikara. Hirugarren bertsoan «Onintza ez al gara bai gu goapoenak/ez daiela begitu gura ez dauenak» bukatu nuen, nolabait gurekin egin nahi zutela kritikatuz, eta txalo ugari jaso nuen. Hala ere, bertsorik txalotuenak bakarkakoan kantatu nituenak izan ziren De Juanaren amaren paperean. Baina gaiak ahuldu egin ninduen, gai handiegia iruditu zitzaidan, eta negarrez bukatu nuen hirugarrena. Saioa hor amaitu izan balitz ere, gustura joango nintzen etxera. Buruz burukora erlaxaturik joan nintzen; ez nengoen prestatuta hor lanik egiteko. Aurretik neraman tarteari esker jantzi nuen txapela. Azken edizio guztietan Igorrek eta Unaik kantatu dute, eta guk ez genuen inolako eskarmenturik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El sentido común y la legislación especial
Kultura
«Amagatik balitz, bi semeok pasatu beharko genuen buruz burukora»
Euskal Herria
De Karrantza a Iruñea, Korrika 15 homenajeará a las mujeres vascas
Euskal Herria
Los parlamentarios se suben el sueldo un 3,5% y un 10% la dieta de desplazamiento
Kultura
«La sombra de nadie», un filme de suspense y de fantasmas
Euskal Herria
Una iniciativa jurídica pide el fin de la Ley de Partidos y de la dispersión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss