Garcia-Vianarentzat Txomin Agirre eleberri saria
Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero elkarrekin antolatzen dituzten literatur sariak banatu zituzten atzo, Bilbon. Txomin Agirre eleberri saria Txema Garcia-Vianak irabazi du; Toribio Altzaga antzerki saria Alaitz Olaizolak eraman du; Felipe Arrese Beitia olerki saria Aintzane Galardirentzat izan da, eta Mikel Zarate saio saria Gartzia Trukillok eskuratu du.
BILBO
Txomin Agirre eleberri sarira hiru lan bakarrik aurkeztu dira aurten. Horien artean, epaimahaikideen ustez, Txema Garcia-Vianaren “Arkitektoa” izan da hoberena, dudarik gabe.“Arkitektoa” thriller historiko bat da. XIII. mendean girotuta dago, eta Gonzalo de Montilla arkitektoa du protagonista. Gaztelako erresumara bildu berri diren Donostiako agintari gaskoiek mandatu zehatza ematen diote horri: inoiz egin den eraikuntza handiosena eraikitzea. «Istorioak interesa mantentzen du hasieratik amaiera arte. Egileak oso ondo heldu die egiturari, tentsioari eta erritmoari», esan zuen atzo Iratxe Retolazak epaimahaikideak. Txema Garcia-Viana (Donostia, 1963) lanbidez garraiolaria da. Idazle bezala, gehienbat misterio kutsuko narrazioak idatzi izan ditu. “Sei lore” (Susa) nobela argitaratuta dauka, beste lan batzuen artean.
Aintzane Galardi, poesia
Felipe Arrese Beitia olerki saria Aintzane Galardik eskuratu du. Oiartzungoa da, baina Nafarroan bizi da eta orain dela bi urte sari bera irabazi zuen. Hamabi lan aurkeztu dituzte horretara eta, Jon Kortazar epai-mahaikidearen arabera, “Zirrikituak” izenburukoa hoberena izan da. «Poemario baino gehiago, proiektu bat da, elkarrizketaz beteta; hitz poetiko eta irudiak elkarturik doaz». Lan horretan lau zirrikitu betikotu dira: «Lehenak Olinporantz garamatza; bigarrenak, sentikortasunera; hirugarrenak hurbilagoak dira, hego odolduei darienak; eta azkenak, Ekialde Urrunera garamatza».Mikel Zarate saiakera sarira bost lan aurkeztu dira; guztiak maila onekoak, eta bi oso onak. Hori esan zuen atzo Adolfo Arejita epaimahaikideak, Sebastian Gartzia Trujilloren lana goraipatu baino lehen. Gartzia Trujillok (Barakaldo, 1944) “Herri maitea, herri dorpea” lanari esker irabazi du saria. Bertan, Bitoriano Gandiagaren “Hiru gizon bakarka” (1974) olerki liburua aztertu, sakondu eta azaltzen du. «Nahia eta ezina, tradizioa eta abangoardia. Tentsio horretan aritzea propasatzen digu Gandiagak», azaldu zuen egileak. Azkenik, Toribio Altzaga antzerki saria banatu zuten atzo. Alaitz Olaizolak eskuratu du berriro ere (2001ean irabazi zuen “Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin” lanarekin). Olaizola (Azpeitia, 1975), Haur Hezkuntzan diplomaduna, antzerki talde afizionatu bateko kidea da. Antzerkia idatzi eta egiteaz gain, antzerki lantegiak ematen ditu eta lau lan argitaratuta dauzka Ereinen, Antzoki Txikia Sailean. “Joanes. Itxaropenaren semea” du izenburua irabazi duen lanak. Bertan, Joanesen bizitza kontatzen du. Pertsonaia horrek txiki-txikitatik mundua ikusi, sentitu eta bizitzeko modu ezberdina izan du. «Euskara garbi eta ederrean», “Joanes” lana bizitzaz eta itxaropenaz mintzatzen da.
|