Musikherria, Durangoko Azokaz kezkatuta
·Euskal kulturaren «merkantilizazio prozesuaz» hausnartzeko eskatu du
Musikherria diskoetxea Durangoko Azokan lehenengo aldiz egon da aurten. Bere esperientzia oso ona izan bada ere salmenta asko izateaz gain, bere produktuak eta filosofia zabaldu ditu, kezkatuta agertu dira kideak Azokaren «merkantilizazio prozesuagatik».
BILBO
Musikherria diskoetxeko ordezkariek urteko balorazioaren berri eman zuten atzo, eta proiektu horren hurrengo pausoak agertu zituzten.Musikherria zigilua «musikaren balio soziala» indartzeko jaio zen orain dela urte bat. Denbora horretan, 30 erreferentzia argitaratu ditu, eta hamaika ekimenetan hartu du parte. Horretaz gain, Durangoko azoketan egon da: Landakon eta Azoka Alternatiboan. Landakoko Azokari dagokionez, balorazio ezberdinak egin zituzten kideek. Alde batetik, ondo joan zaie. «Salmenta asko izateaz gain, gure proiektua zer den azaldu ahal izan diogu jende askori», adierazi zuen atzo prentsaurrekoan Saul Kurtok, Kloratitako taldekide eta Musikherriko bozeramaileak. Dena den, Durangon ikusitakoak hainbat eztabaida eta hausnarketa sortu ditu kolektibo horretan. «Inoiz baino garrantzitsuago ikusten dugu hausnarketa global bat egitea euskal kulturaren inguruan. Azoka komertzialean eta orokorrean euskal kulturarekin eta ‘euskal’ denarekin gertatzen ari den merkantilizazio prozesua nabarmena da». Haien ustez, itxaropen gero eta handiagoak egiten ari dira Durangon, eta itxaropen horiek ezin dira bete. «Euskal kultura beste tratu eta beste forma batean antolatu behar da. Hausnarketa hori egiteko prest agertzen gara», adierazi zuten.
Aurrera begira
Musikherriak urrian egin zuen urteko batzar nagusia. Kukutza gaztetxean 60 lagunek eta 25 musika taldek hartu zuen parte. Orduan erabaki zuten guztiek parte hartzea ezinbestekoa zela. «Parte hartzen ez duena ez dago proiektuan», esan zuten.Aurrera begira, produktuen banaketa hobetzea, web orri berri bat martxan jartzea eta «herri kultura, baina duintasunarekin» hausnarketa bultzatzea dira beren asmoak. Horretaz gain, ekimen kulturalak antolatu eta herri musika eskolak bultzatu nahi dituzte. “MusikGerrilla” irratsaioa egiten jarraituko dute Info7 irratian, eta AHTren proiektuaren aurkako mugimenduarekin lanean bat egingo dutela jakinarazi zuten.
|