Igandea atseden eguna dela aldarrikatu dute Angelun
·Gabonak direla-eta, zenbait saltokik jaiegunetan irekitzeko eskaera egin dutela salatu du LABek
BAIONA
«Legediak dio langile guzientzat asteroko pausa eguna igandea izan behar dela. Alta, Baiona-Angelu-Biarritz (BAB) eta Lapurdiko kostaldeko saltoki handi anitzek salbuespen eskaerak egin dituzte». BABko Geant Casino saltokigunearen ondoan egindako elkarretaratze baten bitartez horixe salatu zuen LAB sindikatuak herenegun.Hain zuzen ere, Gabonak direla-eta, Lapurdiko zenbait saltokik jaiegunetan irekitzeko eskaera egin dutela kritikatu zuen. «Eguberrietako jaiak hastera doazenean, aurten ere lan zuzenbidea zangopilatua izanen da, etekin handiagoa ateratzeko diru-iturri den urte bukaera sasoi honetan», adierazi zuen sindikatu abertzaleak.
Prekarietatea nagusi Merkataritza sektorean prekarietatea nagusi dela nabarmendu ondoren, jendeak jaiegunetan, aukeragatik baino gehiago, beharragatik lan egin behar duela aipatu zuen. «Sektore honetan baldintzak oso prekarioak dira, eta jaiegunetan eta igandeetan lan egiteko aukera derrigorrezko bihurtu da», nabarmendu zuen LABek, eta egoera horri etekinak ateratzen dizkiotenak enpresariak direla berretsi zuen sindikatuak, «inolaz ere langileak».
|