GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2006-12-19
- Frantziako Kopa
Olentzerok Lyonen aurka jokatzea oparitu dio Aviron Baionakoari
·Arazo handirik sortzen ez bada, urtarrilaren 5ean neurtuko dira Jean Dauguer zelaian

BAIONA

Egun batzuk aurreratuta heldu da Olentzero Avironen etxera, Frantziako Kopako bederatzigarren kanporaketan Lyonen aurka jokatzea oparitu baitio. Neurketa, gainera, Baionan izango da, eta ezeren okerrik ez dela, urtarrilaren 5ean jokatuko dute Jean Dauguer zelaian.

Atzo eguerdian egin zuten zozketa, eta emaitza ezin hobea izan zen euskaldunentzat, gaur egun Estatu frantsesean dagoen talderik onena baita. Azken bost urte hauetan Liga irabazi du, eta aurten seigarrena lortzeko bidean doa. Europako Txapeldunen Ligan ere bere multzoan onena izan da Real Madrilen aurretik, eta Estatu frantseseko talderik onena izateaz gain, gaur egun Europan dagoen talderik onenetakoa ere badela argi eta garbi dago.

Pentsatzekoa den moduan, Baionan erabateko zoriona zen atzo eguerdian. «Hau ederra da; ametsetan ere ez genuen sinetsiko, baina Lyon Baionan izango da lehiaketa ofizialeko neurketa bat jokatzeko. Behar den bezala hartuko dugu, eta gure jokalariek duten guztia emango dute», esan zuen Manu Merinek, Aviron futbol taldeko presidenteak.

Partida urtarrilaren 6an jokatzekoa zen lehenengo, baina hortxe etorri zen lehenengo arazoa. «Egun horretan Jean Dauguerren errugbiko Top 14ko partida dago Avironen eta Stade Françaisen artean, eta ezin da jokatu. Beraz, guk ostiralean jokatzeko proposamena egin dugu, eta Lyonek ez badu inolako arazorik jartzen, Federazioari galde egingo diogu. Haren erantzunaren zain gaude, baina ez dut uste arazorik izango denik, haiek ere bai baitakite urtarrilaren 6an errugbia dagoela. Horretarako ordutegia lehendik jarrita dagoenez gero, hori ezin da aldatu. Igandean ere jokatzea badago, baina errugbi partida baten ostean, zelaia oso gaizki egongo da. Beraz, nik uste dut urtarrilaren 5ean jokatzeari baietz esango diotela», esan zion GARAri Manu Merinek.

Besteen gainetik

Gaur egun Frantziako Ligan Lyon beste guztien gainetik dagoela ezin du inork ukatu. Azkeneko urte hauetan aise irabazi ditu ligak, eta aurten ere ezeren okerrik ez dela, gauza bera egingo du. Gaur egun, Lehen Mailako liderra da 49 punturekin, eta Lensek, bigarren doanak, 32 ditu. Jokatu dituen 18 partidetatik 16 irabazi ditu, bat galdu du eta beste bat berdindu. Guztira 39 gol sartu dituzte jokalariek, eta 11 bakarrik jaso. Azkeneko jardunaldian Lensen zelaian jokatu dute, bigarren sailkatuaren zelaian, alegia, eta 0-4 irabazi dute. Beraz, argi dago oso zaila izango duela Avironek Lyon menderatzea, nahiz eta seguruenik ere, on guztiak ez diren Baionara etorriko. Jokalariei begira jarrita, Lyonek gaur egun 17 jokalari ditu selekzioetan jokatzen dutenak.Horien artean batzuk besteak baino gehiago nabarmentzen dira, eta aipagarrienak eta ezagunenak Juninho Pernanbucano brasildarra eta Jhon Carew norvegiarra izan daitezke.

Bi horiez gain, Malouda, Wiltord eta Revelliere frantziarrak, Tiago portugaldarra eta Kallstrom suediarra oso kontuan hartu beharrekoak dira, gainerako jokalari guztiak bezalaxe. Sarreren eta gainerakoen salmentaren berri oraindik ez dute ezer zehaztu, lehenengo partidaren data segurtatu beharko baitute.

Genets bigarren jarri da

Avironek, ordea, Ligan dauka erronka nagusia, berrio ere N1era itzuli nahi baitu. Lehen postuan doa, eta bigarren orain Genets Angelukoa jarri da. Horrek datorren asteburuko partida aurreratu zuen; Kopatik at dago, eta 1-2 irabazi zuen Balman. Horrek indar handia emango die jokalariei, horien helburua ere N1era igotzea baita, Avironena bezalaxe.

Hcklyek aurreratu zituen hori-berdeak, baina etxeko taldeak berdindu egin zuen. Gueye kamerundarrak lortu zuen euskaldunen bigarren gola 91. minutuan. Honako hauek jokatu zuten Genetsen: Gruel, Dors, Pochet (Lefebre), Lafitte,Van Reusel, Ricaud (Le Bars), Heckly (Trentin), Pagueault, Gueye, Elouari eta Pueys.



Orain dela hiru urtekoa gogoan dago

BAIONA

Aviron azkeneko zortzi urte hauetan ikaragarri hazi da. Talde erabat amateurra izatetik profesionala izatera pasatu da, eta, gainera, goi mailako taldeak ikusteko aukera ere ugaritu egin da Baionan. Izan ere, ez baita Lehen Mailako talde batek Baionan lehiaketa ofizial bat jokatzen duen lehendabiziko aldia azken urte hauetan.

Orain dela hiru urte, maila nagusiko hiruren aurka neurtu zen Aviron, eta orduan ere egoera aurtengoaren oso tankerakoa zen. Orduan ere CFA Mailan zegoen, eta orduan ere lehen postuan, aurten bezalaxe.

Orduan, Guingamp menderatu zuen penaltietara; partida 3 eta 3 berdindu zuten. Gero, Girondins etorri zen Jean Dauguerrera, eta hura ere kanpora bidali zuen Avironek, 1-0. Gero, PSG taldearen aurka Parisen neurtu zen, eta 2-0 galdu ostean amaitu zen Kopako ametsa. Gero, denboraldi haren amaieran N1era igo zen lehen aldiz.

Aurten zaila izango da Lyon aurrean izanda Lehen Mailako beste bi talderen aurka neurtzea, baina N1era igotzen badira, denboraldi amaieran gustura izango dira baionarrak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El sentido común y la legislación especial
Kultura
«Amagatik balitz, bi semeok pasatu beharko genuen buruz burukora»
Euskal Herria
De Karrantza a Iruñea, Korrika 15 homenajeará a las mujeres vascas
Euskal Herria
Los parlamentarios se suben el sueldo un 3,5% y un 10% la dieta de desplazamiento
Kultura
«La sombra de nadie», un filme de suspense y de fantasmas
Euskal Herria
Una iniciativa jurídica pide el fin de la Ley de Partidos y de la dispersión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss