- Aizkora
Larretxea Mindegiari erantzun edo ez pentsatzen ari da
DONOSTIA
Herenegun Tolosan jokatu zuten aizkora apustuaren hotsek jarraitzen dute, eta, batez ere, amaieran Mindegiak botatako desafioa zebilen atzo ahoz aho.
Ezkurrako aizkolari beteranoak hogei 60 ontzakotara edozeini jokatzeko prest zegoela adierazi zuen, eta datorren ostiralean, Tolosan, Kantabriko tabernan egongo omen da 20.00etan. Lan handia da, eta gaur egun ez daude aizkolari asko Mindegiari aurre egiteko moduan. Nazabal, Olasagasti, Arrospide eta Larretxea izan daitezke, baina jendeak berehala egin ditu kinielak. Olasagasti apustua galdu berria izan da, eta zaila izango da berriro bertara joatea. Arrospide ere sasoian egon arren, ez dirudi apustu batean sartzeko gogo handiegirik izan dezakeenik, eta Nazabal ere ez da apustuzalea.Beraz, begirada guztiak Larretxeari zuzentzen zaizkio.
Berak pentsatu beharra daukala esan zuen atzo. «Ez dakit zer egingo dudan. Nik arazoa gerrian daukat, eta hogei 60 ontzako lan handia da. Ez dakit nola erantzungo didan gerriak; horrek ematen dit beldurra. Bestela, ez nuke arazorik izango, baina hemen dudan lesio honek kezkatzen nau. Hala ere, badago denbora hemendik ostiralera bitarte, eta pentsatuko dut zer egin», esan zuen Donato Larretxea aizkolariak.
|