Robien-en dekretuaren kontrako greba Hezkuntzan
Hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatu ia guztiek antolatutako greba deialdiak jarraipen handia izan zuen atzo. Frantses Estatuko Hezkuntza ministro Gilles de Robien-ek proposatu aldaketen aurka agertzeko, Bigarren Hezkuntzan greba egin zuten dekretu egitasmoa Batzorde Tekniko Parekidean aurkeztu zuten egun berean.
BAIONA
Ipar Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako 20 ikastetxetan izan ziren lanuzteak. Seaskako lizeo eta kolegioetan jarraipen zabala izan zuen grebak, bereziki Bernart Etxepare lizeoan. Estatuan Bigarren Hezkuntzako irakasleen erdiak baino gehiagok egin zuten greba sindikatuen arabera, eta %40 inguruk, Gobernuaren arabera. 10.30ean Baionako Lan Burtsaren aurrean sindikatuek deitu elkarretaratzean 50 pertsona inguru izan ziren atzo.
«Hezkuntza ministroak ezarri nahi duen dekretuaren bitartez irakasleen lan-baldintzak nahi dituzte aldatu; bereziki lan orduei, lan baldintzei eta betebeharrei dagokienez», azaldu zuen LAB sindikatuko Dominika Dagerrek. «Dekretuaren helburua bikoitza da, eta helburu asko ditu: batetik, orduak gehiago dira eta lan baldintzak okerragoak; gelako ikasleen kopurua emendatuko da eta ikasteko baldintzak gero eta txarragoak dira», nabarmendu zuen Dagerrek.
Aldaketa horiek pixkanaka ezartzen joan nahiko duten beldur dira sindikatuak, eta, hala, langileak mobilizatzea zailagoa izango da. Dekretu hori azken urteetan Gobernua egiten ari den politikaren barnean sartzen da, gero eta diru gutxiago gastatzeko Hezkuntzan. «Dekretuaren helburu nagusia lanpostuak murriztea da, xahutzeak murrizteko», esan zuen LABeko kideak.
2007ko ikasturte hasierarako Estatuan 5.000 lanpostu gutxiago izatea nahi du Hezkuntza ministroak. Azken hiru urteetan 30.000 lanpostu gutxiago daude. «Galdutako postuetan irakasleak, zaindariak, hezitzaileak, psikologoak eta ikasketa zentroetan diren hainbat postu sartzen dira, eta horiek beharrezkoak dira kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko», aipatu zuen Dagerrek.
|