BILBO
Hiru urtetik behin izaten da Mikel Lertxundi (Berriatua, 1951) Bilboko Juan Manuel Lumbreras (Henao, 3) aretoan bere eskultura lanak aurkezten. Epe horretan landutako piezak ekarri ditu espazio honetara. Gehienak berriak dira baina badira lehenago sortutakoak ere, galeria batean inoiz erakutsi ez direnak.
Orain arteko bideari eutsi dio Berriatuako artistak. Betiko materialekin jardun da, hori bai, harriak, burdinak eta egurrak itxura berriak hartu dituzte. «Material bakoitzak eskatutako formak dira nabarmendu du Lertxundik. Egurrak itxura biribilagoa hartzen du beroagoa delako; harria beti da oinarria, elementu astunagoa eta forma piramidaletara eramaten nau; azkenik, burdinak, indarraren zentzuarekin, lerrozuzenak ematen dizkit».
Esku artean dituen materialen esentzia interesatzen zaio, haien nortasuna. Nortasun horrek aurpegi desberdinak ditu, Lertxundik aitortzen duenez, eta horrexek ahalbidetzen du obren aniztasuna. «Material batek ez du bizitzeko modu bakar bat. Burdinak indarra ematen du baina hori egiteko modu asko ditu. Berdin egurrak, bere berotasuna emateko».
Lumbreras galerian triptikoak ikus daitezke, baita gorputz bakarreko piezak ere. Bolumen handikoak eta ia lauak direnak, horman zintzilik zein lurrean edo euskarri baten gainean direnak, txiki, ertain eta tamaina handikoak, nahiz eta egileak oraindik handiagoak badituen, iragan urtean Zenarruzan erakutsi zituenak esaterako.
Ikuslearen arreta erakartzen du eskultura biribil batek, ez baita arrunta Lertxundiren harrietan forma hori. «Mundua bera biribildua da, baita espazioan dauden elementu guztiak ere», aipatu du. «Harriari bere pisuagatik normalean horizontalitatea, oinarri izaera ematen diot. Hala ere, har dezake forma biribila. Kasu honetan biribila da, denborak ematen diolako forma hori».
Azken urteotan darabilen ikerketaren funtsarekin bat egiten du obra horrek.Egurra-haizea, harria-ura eta burdina-sua harremanak arakatzen ari da artista. «Mundua bera, azkenean, nukleoa da, metal astunez betea dago, hor dago, sutan. Harri kapak daude eta hor dago ura; eta gero begetazioa dago eta hor dago haizea», dio.
Naturari begira egiten du lan. «Nire filosofiaren oinarrian, natura da munduko gaitz guztiak depuratzen dituena. Naturak ekartzen gaitu eta eramaten gaitu», agertu du.
Lertxundiren eskultura batzuetan nabarmen ikus daiteke materialaren gaineko artistaren esku hartze minimoa. Tratamendu barik iraunkor diren egurren alde egiten du. Gaztaina edo haritza dira aproposenak. Egurraren bizia erakutsi nahi du eta horregatik ez du margotzen. «Egurrak tenperatura oso epela dauka eta barniza ematen badiozu hoztu egiten da, bere kolorea aldatzen da eta ukituz gero nabari daiteke aldaketa. Harriak ere landuz gero kolore desberdina hartzen du» .
Denboraren eraginak argi ikus daitezke pieza batzuetan. Oxidazioak testura berezia ematen dio burdinari eta berdin egurrari. «Gustatzen zait materialek eurek beren kalitatea agertzea».
Erakusketari bai, baina eskulturei ez die izenbururik ipintzen Mikel Lertxundik. «Ez dut ikuslea beste mezu batera bideratu nahi. Obra bakoitzean materialen bidez barnera dadin nahi dut. Nire proposamena pentsamendu existentzialean oinarritzen da, orokorrean oreka bilatzen dut material desberdinen baloreetan».
2007rako dituen egitasmoei buruz galdetuta, hainbat obra publikorekin dabilela argitu du. Elorriorako egiten ari da bat bere sorreraren 650. urteurrenaren kariaz. Gainera, argazkiaren mundua landu nahi du. «Horren inguruan idatzi nahi dut», aurreratu du.