GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-07
60 milioi blog daude interneten
UNE HONETAN 60 MILIOI BLOG INGURU DITU INTERNETEK ETA UZTAILERAKO KOPURU HORI BIKOIZTU EGINEN DELA IRAGARRI DUTE ACTUAL 2007KO MAHAI INGURU BATEAN. MUNDUAREKIN KOMUNIKATZEKO BITAKORAK ERABILTZEN DITUZTEN LAU PERTSONAK HARTU DUTE PARTE SOLASALDIAN, MARTA CASTROK, LUIS LANDEIRAK, DIEGO SANZEK ETA DAVID PEÑAK.

Blogen inguruko tesia prestatzen ari den Adolfo Estalellak egin zituen moderatzaile lanak Logroñoko mahai inguruan. Urtebete eman du sareko datuak biltzen eta egileak elkarrizketatzeari ekinen dio orain, Interneteko egunerokoak zergatik idazten dituzten jakiteko asmoz. Izan ere, badute zer edo zer erakargarria blog horiek, egunero ehun mila berri jaiotzen baitira munduan eta milioi eta erdi post edo iruzkin gaineratu.

Orokorrean, blogen %50ek edo 60ek hiru hilabeteko bizia izan ohi dute, baina solasaldian parte hartu zuen laukoteak bi urte baino gehiago daramatza langintza horretan. Horietako batek, sarean Khalo izena erabiltzen duen Marta Castrok, egunean hiru ordu ematen ditu blogetan bizitza pribatuari eta pasioei buruz idazten; Karramarro ezizena duen Diego Sanz diseinatzaile nafarrak 3-5 ordu egunean eta Dildo de Congost izena erabiltzen duen Luis Landeirak bi ordu astean.

Blogetan gailentzen diren hizkuntzak ingelesa, japoniera, txinera eta gaztelania dira. Gai maiteenak, berriz, norbere esperientziak, orrialdeen %37 betetzen baitute. Politika da bigarren gai gogokoena eta tokiaren %10 betetzen du; teknologiaren inguruan ere anitz aritzen da jendea.

Adolfo Estalella moderatzailearen arabera, blogen jaiotzatik bertatik iragarri zitekeen garapena. 1990eko hamarkadaren hasieran izan zen, sarea gero eta herritar gehiagorengana zabaltzen hasi zenean, hain zuzen ere. «Hasieran, blogak gutxi batzuen kontua ziren, asko nabigatzen zuen jendearen kontua, eta beste orrialdeetarako loturak berreskuratu baino ez zuten egiten», ekarri zuen gogora Estalellak. 1999ko abuztuan Pyra Labs konpainiak Blogger plataforma sortu zuen, ordea, eta horrek, loturak berreskuratzeaz gain, testuak idaztea ahalbidetu zuen. «Sarean ibiltzen den jende gehiena aditua ez denez, hurbileko esperientziak kontatzen zituzten blogen sortzaileek, eguneroko bizitzako kontuak», ohartarazi zuen.

2003ko otsailean Googlek erosi zuen plataforma eta horrek, Yahook eta Microsoftek beren plataforma bereziak martxan jartzea ekarri zuen. Horrela etorri zen Estalellaren aburuz 2005. urte hasieratik bizitzen ari garen hirugarren etapa, blogak eta edukiak zabaltzen ari diren etapa. «Enpresa handi horiek plataformak sortzeak blogetara errazago eta erosoago sartzea ekarri zuen, bereziki gazteenak, ordura arte mundu horretatik kanpo samar baitzeuden», jakinarazi zuen Estalellak.

Zaharrak eta berriak

Logroñoko mahai inguruko moderatzaileak baieztatu zuenez, blogen erabiltzaile zahar eta berrien arteko haustura etorri zen orduan, eta oraindik ere nabari da amildegi hori, lehenengoek hitzak nagusi diren bitakorak maite baitituzte eta bigarrenek argazkiak eta bideoak trukatzen baitituzte, testuak pixka bat alboratuta. «Azken horiek sortzaileagoak dira, baina baita anarkikoagoak ere», ziurtatu zuen Estalellak. Horixe da harentzat gaur egungo fenomenoaren argazkia, baina blogak azkar ari dira ugaltzen eta ia ezinezkoa izanen da etorkizun hurbilean bitakorak kategoriatan banatzea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La sociedad vasca reclama democracia
Euskal Herria
La Guardia Civil detiene en un control a un miembro de la delegación internacional
Euskal Herria
Zapatero afirma que el diálogo y el proceso han llegado al «punto y final»
Euskal Herria
Los bomberos lograron recuperar ayer el cadáver de la segunda víctima
Kirolak
Osasuna fue mejor, pero ganó la Real
Euskal Herria
Una multitud reclama en Anoeta democracia para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss