Julen Murgoitio
Zazpia
Akabo dira gabonak! Jainkoari esker akabo ere! Belengo estalpeko umeak aste bi egin berri ditu eta jada ez dio inork kasurik egiten, fededunek beraiek ere apenas; autodeterminazio eskubidea aitortu egin balioten bezala. Oraindik ere baten batek kasu egitekotan loteria nazionalak sarituren bat izango zen; izatekotan, beti ere. Umeari kasurik egiten ez badiote kontuak atera zer kasu egiten dieten estalpean alogerean umearekin bizi ziren beste bizidunei: behiari, ardiari, arkakusoari eta, batez ere, astoari. Kontuak atera! eta gero sartu berriro, badaezpada, auditoriaren bat egin diezazukete eta. Tira, ahaztuen eremura pasatu dira horiek, bata eta besteak, denak, urte ia betea negutzen eman ondoren berriz ere gabonetako estalpera bueltatu arte. Olentzero ere joana da berriro mendira, ikatzetan intentzioz, prekarietatean, jakina, ordekara lasterka jaisteko izan zuen motibo hura, aditua zuen berria ematearena hain zuzen ere, egiaztatzerik ez zuela konturatuta; tira, oraingo hizkeran esanda, berifikatzerik ez zuela konturaturik. Bai, mendira bueltatu da Olentzero, Iruñeko auzo batzuetako udaltzainak, eta herri batzuetako kasakuarteleko txapelokerrak, ia urte beteko langabeziara kondenatuta. Horra, horra! Erregeek, ordea, bertan diraute, gameluak joan bazaizkie ere; horiei ez die ardura gabonak akabo izanak, etengabeko gabonetan bizi direlako, luxuzko estalpean. Lastima! hobe erregeak joan izan balira behin betiko, infernuko estalpera daraman izarraren atzetik, eta gameluak hemen geratu behin-behinean; biodibertsitatearen onerako. Horra, horra! Baserritarrak ere baserrira bueltatu dira, negutzen hauek ere, datozen gabonetako santomasetan berriro deituak izan arte; herrialdeko aurrezki-kutxak deituak beti ere. Atzezki-kutxak balira, sikiera!, etorkizun oparoagoa izango zuen baserriak, otsoak izanda ere. Hiriko kale bazterreko zakarrontzi guztiek, berdeak, urdinak eta horiak berak ere, euren eskubideak berreskuratu dituzte, gabonetako zoramen-hondakinen jazarpen mugagabea jasan ondoren. Jazarpen jasangarria! esango luke batek baino gehiagok! Izeiak lumatuta daude jada, adar gorritan dira, gabonetan dingilizka izan dituzten argi-sortak, bolak eta izarrak behingoz askatuta; eta udal-estalpera bildu dituzte jada, kale nagusietako bonbilla-sortekin batera, hurrengo gabonen zain.
Akabo dira gabonak! Jainkoari esker akabo ere! Akabo urteko sasoirik antzuena. Gabonen aurreko normalkeriara bueltatuak gara, oraingoa urte berriari dagokion arren. Ez dakit gai izango ote garen keria tasun bihurtzeko, mahaikeria mahaitasuna bilakatzeko, kasu baterako. Eta politikakeria politikatasuna, bide batez. Urte osoa daukagu saiatze horretarako, beno, ia urte osoa, aurtengo gabonen sasoi antzua azaroan hasiko bide delako; gero eta lehenago hasi ere. Zazpian gaude jada. Milurteko honetako zazpian. Aurreko seiak nahiko debalde pasatuak dira, hemen eta kanpoan ere, Milurteko Helburuak lortze aldera konponbideak baino horkonponbideak lehenetsi dituztelako. Gure esku dago zazpia lehena egiten, inflexio-aldiko lehena. Ea ba! Saiatze horretan ezin gelditu... -
|