Manu Odriozola (*)
Posible da!
Leku guztietan daude gerrak, zapalketa nazionalak, kaosa eta ezegonkortasuna. Kapitalaren botereak, multinazionalenak eta interes ekonomikoek dominatutako mundu bat daukagu. Egun, 500 enpresa handik kontrolatzen dute munduko ekonomia. Hauxe da 1847an Marxek eta Engelsek Alderdi Komunistaren Manifestuan eta ondoren Leninek idatzitako “Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena” liburuan aurreikusi zutena.
Lehen begiratuan badirudi kapitalismoak modu erabakigarrian irabazi duela. Baina hori oso urruti dago errealitatetik. Bizi dugun une historikoak ez du pesimismorako lekurik uzten. Latinoamerika astintzen ari diren gertakizun iraultzaileak eta batez ere langile klasearen borrokak boterea hartzeko, Venezuelan, Bolivian eta Mexikon, inspirazio bat dira mundu guztiko langile eta herri zapalduentzat. Kapitalismoaren aurkako mundu mailako borroka da hau. Langile klasea indartsua da ideia erreformisten ilusiotik askatzen bada, erreformismoak beti promesten baitu negoziazioen bidez arazoak konpondu daitezkeela eta klase borroka beharrik ez dela.
Ez klase kapitalistak ezta bere sistemak ere ezin dute munduak dituen arazo bat bera ere konpondu. Euskal Herriak burujabetza nazionala eskuratzeko eta arazo sozialak, ekonomikoak eta politikoak konpontzeko ezinbestekoa da sistema kapitalistarekin amaitzea. Euskal Herriaren autodeterminazio eta lurralde batasun eskubidearen aitortza oinarrizkoak dira arazo nazionala konpontzeko. Euskal Herriaren eskubide demokratikoak ez dira lortuko negoziazio mahaietan ordea. Langile klasea buru izango duen masa mobilizazioa sortzeko gaitasunean dago oinarria, sozialismoaren aldeko borroka argi eta garbi planteatuz.
Euskal Herrian, burgesia eta langile klasea dauzkagu, aurkako interesekin. Inperialismo espainiarrarekin eta frantsesarekin estuki lotua dagoen euskal burgesiak, bere historian zehar Euskal Herriaren kausa traizionatu du. PNV eta EAren nazionalismoa beren poltsikoan amaitzen da. Hortaz, fronterik ez euskal burgesiarekin, independentziazko klase politika baizik. Euskal Herriko langile klaseak eta gazteriak, muga nazionalen gainetik, klaseko anai-arrebekin elkartuta, sozialismo iraultzailea eta internazionalista batekin bakarrik, masen borrokan oinarrituz, izango da posible alternatiba bideragarri bat eraikitzea. Hau da nire konpromisoa. 2007ko urtea ona egin dezagula! -
(*)“Euskal Herria Sozialista” aldizkariko kidea
|