Urte berriarekin prezio berriak ditugu merkatu, denda, taberna eta abarretan. Esaterako, kafetxo bat eskatu eta iaz euro bat ordaintzen banuen, jada, euro bat eta hamar zentimo kobratu didate: %10eko igoera. Ogia eurotik euroa eta bost zentimora pasatu da: %5eko igoera. Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) eta inflazioa ez dira kasu hauetan kontuan izaten. 90-95 zentimotik eurora erraz altxa ziren prezioak, biribiltzearen ondorio edo aitzakiaz. Baina euro eta zentimo batzuetara igo gabe ez da uzten. Hor ez da biribiltzen.
Gobernuak aurrez ikusitako inflazioaren gainetik igo dira prezioak oro har. Beraz, erosteko ahalmena galtzen ari gara. Urtarrilaren 12an jakinaraziko dute 2006ko KPI, baina azarotik azarora %2,7 igo da. Europako Banku Zentralaren bidea segituz Madrilek %2n ezarri du 2007ko KPI benetan salneurriak igo ohi direnaren azpitik. Oinarrizko produktuak, kasu gehienetan, beste hainbeste ere igoko dira.
Garraiolariak, aldiz, beste langile batzuek bezala, zailtasun handiak dauzka gutxienekoa ere altxatzeko. Etengabeko borrokan dihardu bezeroe- kin. Madrileko Gobernuak eta Sustapen Ministerioak aitortzen dute, aldiro egiten dituzten kostuen behatokietan, garraioko tarifen igoera salneu- rrien igoeren atzetik doala. Aldiz, produktuen garestitzea zuzen-zuzenean pairatzen du garraiolariak: mementoan sumatzen du, gasolioaren igoera, astero milaka litro erregai behar ditu eta bai eguneroko oinarrizko produktuena ere. Gerora, agian, lortuko du bere salneurriak kostuetara egokitzea. Gainera, aurten kamioi ekologiko eta pneumatikoen prezioak igo dira ingurumena zaintzeko arau berriak martxan jartzean.
Esan daiteke dena garestitzen dela garraioaren tarifa izan ezik. Gobernuak 2005eko urrian sinatu zuen enpresekin tarifak automatikoki berritzeko hitzarmena, baina gastuak igo arren tarifak ez dira berez gaurkotzen. Administrazioak laster aitortu zuen akordioak ez zirela betetzen ari. Hiruk salatu zuena bete da, alegia, akordio orokorrek ez dutela balio eta garraiolari bakoitzak negoziatu behar duela igoera bezeroarekin. Azken urteotan galtzaile garraiolaria izan da horretan, oro har.
Kontsumoko prezioen deskontrolean eragina izan zuen, zalantzarik gabe, euroa martxan jartzeak: igoera ez da lau urtean eten. Euroa hedatzea onuragarria izan da garraiolarientzat, mugak pasatu arren txanpon berbera erabiltzen dutelako, baina kontsumitzaile diren neurrian aldaketa horixe izan da, erregaien igoerarekin batera, euren poltsikoetan azken urteotako zulorik handia eragin duena.
Euroa dagoenetik salneurrien igoera beldurgarria izan da. Neurriz kanpokoa. Lehen 100 pezetatan zirenak jada euroan dira, garestiago ez baldin badaude. Eta euroa 166,386 pezeta dira. %66ko igoera, beraz, lau urtean. Izugarria, baina batzuek lotsarik gabe egin dutena. Garraioan, ez da horrelakorik gertatu. Askotan duela urte batzuetako antzekoa irabazten dute. Garraiolariak igoerak txintxo-txintxo ordaindu behar izan ditu, baina gero, begirune bera eskatu arren, sarri ez du igoerarik lortu.
Euroak beraz onurak, aukerak, erraztasunak... baino kontsumoko prezioen igoera ekarri du. Europako beste hirietara joan garenean ikusi dugu merkatuko prezioak berdindu direla, ez besterik. Hasiera batean salneurriak eurotara pasa eta, zentimoak (hamarrekoak) biribiltzean galduko zenari beldur bazitzaion ere, hori neurrigabeki gainditu da. Xentimo bateko eta biko txanponak hutsaren hurrengoa dira. Aldaketa matematiko biribildu hori baino askoz ere handiagoak izan dira igoerak. Ez da nahastu behar: 60 zentimo ez dira 60 pezeta, 100 dira. 30 eurok 5.000 pezeta baino gutxiago dirudite zifra txikiagoa delako (egia esan azkarrago joaten dira).
Azken urteotan salneurriak oro har KPIren oso gainetik garestitu badira ere, Gobernuak eta Administrazioak ez dute gehiegikeria hori kontrolatu, ezta zerbitzu publikoen prezioetan ere. Urte amaieran jakin genuen elektrizitatea ere igo egingo dela, «produkzio kostuaren azpitik saltzen delako», baina komunikabideetan argitaratu da elektrizitate enpresen irabaziak inoiz baino handiagoak izan direla batetik, eta fusio-erosketa prozesuetan direla bestetik. Nork ulertzen du hori. -
Bere horretan uztez ez direnak, ... besteak beste, aurrezki kutxa, enpresa handi, multinazional eta administrazioko goi karguen soldatak eta banketxe zein multinazionalen milioi askoko irabaziak dira. Lotsagarria, baina urtero gero eta handiagoak. Horiek berritzeko eta gaurkotzeko arazorik ez dute izaten.