Jada urtebete baino gehiago igaro da 2005eko azaroaren 21 hartatik. Urtebete baino gehiago, Euskal Herrian izan den epaiketarik handiena abian jarri zutenetik. Urtebete baino gehiago, Euskal Herriaren eraikuntza nazionala eta eskubide zibil eta politikoen defentsa epaitzen. Urtebeteren ostean Madrilgo Casa del Campo egoitza duen epaiketak aurrera jarraitzen badu ere, epaiketa erraldoiaren aurka piztutako sugarrak bizirik dirau eta 18/98+ lan-taldeari esker, inoiz baino indartsuago dago sugarra.
Makroepaiketa horren aurka eta euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen alde makina bat mobilizazio, kontzertu, agerraldi publiko, mozio edota hitzaldi egin dira Euskal Herriko txoko guztietan. Epaiketa bera hasi aurretik milaka euskal herritarren babes hitzak bildu ziren Kaieran. Ondoren, 35.00 lagunetik gora bildu zituen manifestazioa etorri zen, baita Altsasun egindako Bat Egin Egun arrakastatsua ere. Euskal Herriak azken urteotan ezagututako kontzertu erraldoienetako bat ere lan-talde horren lanari esker egin da, baita Durangoko azokan 6.000 aletik gorako salmenta eskuratu zuen CDa ere.
Inkulpaziotik haratago
Zenbaezinak dira ekimen horietan guztietan parte hartu duten pertsonak, baina elkartasun uholde hau eskertzearekin batera, beste urrats bat eman du 18/98+ lan-taldeak.
Iban Martinez de Albaniz eta Begoña Uharte, 18/98+ lan-taldeko kideak, kanpainaren gorabeherak azaldu eta gerora begira egin beharrekoaz aritu dira.
Emile Zola idazleak 1898an “J'accuse” izenburua zuen gutuna idatzi zion garaiko Estatu frantseseko presidente Felix Faureri, Alfred Dreyfus kapitainaren aurkako prozesu judiziala salatzeko eta bere burua autoinkulpatzeko. Historiako pasarte hori berreskuratuz eta famatua egin den esaldia bere eginez, 18/98+ lan-taldeak kanpaina bat abiatu zuen joan den azaroan, eta jada 11.500 autoinkulpaziotik gora bildu ditu.
Historiako pasarte horri aproposa deritzo Uhartek: «Zola bidegabekeriaren aurrean isilik gelditu ez zen bezala, orain euskal gizartearen txanda iritsi da», azaldu du.
Martinez de Albanizek 18/98 epaiketa erraldoietan jarduera sozio-politiko zilegiak epaitzen ari direla uste du. «Une honetan eskubide zibil eta politikoak daude auzian; baina ez auzipetuenak bakarrik, euskal herritar guztienak ere bai», nabarmendu du. Hori guztia dela-eta, «J’accuse» kanpainaren lehenengo xedea norberak bere burua autoinkulpatzea dela adierazi du Uhartek. «Gure eskubi- de zibil eta politikoak egikaritzeagatik epai gaitzatela eskatzen dugu», gehitu du.
Kanpainaren bigarren helburua urrunago doa, eta akusatu izatetik akusatzaile izatera igarotzen da, bakeari eta justiziari jartzen ari zaizkien oztopo guztiak akusatuz.
«J’accuse» kanpaina euskal gizartean harrera «oso ona» lortzen ari dela adierazi du Uhartek eta horren adibide Durangoko azokan eskuratutako 6.000 sinadurak aipatu zituen. Jabier Salutregik Bat Egin Egunean azaldu zuen moduan, «epaiketa honekin nahi ez zuten zerbait lortu dute: elkartasuna biderkatzea». Datozen asteetan ere, autoinkulpazioak gehitzeko aukera izango da;bai herri eta auzoetan jarriko dituzten mahaietan eta bai www.18-98plus.org webgunean ere.
Baina elkartasunaz gain, «Auzitegi Nazionalean eta
tankerako salbuespenezko epaitegietan euskal herritar gehiagorik ez epaitzea»
lortu nahi da, jazarpen politikoaren katea etetea alegia, eta horretarako,
eskuratuko dituzten milaka akusazioak Estrasburgo eta Auzitegi Nazionalera
bidean jarriko dira. -