- Kopa
Avironek ametsa egi bihurtu nahi du Lyon kanporatuta
·14.000 ikuslek erabat beteko dituzte Jean Dauguer zelaiko harmailak
BAIONA
Ametsa egi bihurtu nahi du Avironek gaur arratsaldean eta Frantziako Kopan aurrera egin. Badaki, ordea, Lyon menderatzea oso zaila izango dela. Frantziarrak Ligako onenak dira eta Europan ere talderik onenetakoa da.
Hala ere, ilusioa ez die inork kenduko, horrelako partida bat jokatzea ez baita txantxetako kontua. Aurrean izarrez betetako talde bat izango duten arren 14.000 zaleren babesa jasoko dute, eta horrek aurrera egiteko indarra emango die . Avironek badaki Kopan Lehen Mailako taldeak kanporatzea zer den. Orain dela hiru urte, Lehen Mailako taldeen aurka jokatu behar izan zuenean, Jean Dauguerren ez zuen partidarik galdu eta oraindik asko dira PSGren aurka etxean jokatu izan balu aurrera egingo zuela esaten dutenak.
Partida hauek bereziak izaten dira, ez Avironentzat bakarrik, baita talde handientzat ere. Nahita edo nahi gabe, Lyonek ez zuen neurketa hau Champions Leagueko norgehiagoka bat bezala prestatuko. Jokalariek ere ez dute ziurrenik grina bera ekarriko Lapurdira eta hori guztia euskaldunen aldekoa izango da.
Handi baten eta txiki baten arteko neurketak nolakoak izaten diren Avironek berak ere ederki daki, aurreko kanporaketan tankerako neurketa bat izan baitzuen. Orduan, talde zuri-urdina zen handia, izan ere, Baionara bi maila beherago dagoen talde amateur bat etorri zen eta Pochatek zuzentzen duen taldeak penaltiei esker egin behar izan zuen aurrera. Aviron kanporaketa erraz gaindituko zuela pentsatuz zelairatu zen eta konturatzerako 0-2 ari ziren galtzen. Orain gauzak aldatu egingo dira eta zuri-urdinak izango dira txikiak. Gaur Lyonek aldi hartan euskaldunek izan zuten jarrera bera izatea nahi lukete etxekoek, horrela aukera gehiago izango bailituzkete. Dena den, frantziarrek izar asko dituzte taldean, bakarkako jokaldietan norgehiagoka bat erabaki dezaketen horietakoak, eta adi-adi ibili beharko dute horiekin. «Kanporaketa honetan zerbait egin nahi badugu, ezin diegu jokatzen utzi eta dituzten izar horiek banan-banan ongi zaindu behar ditugu, bestela ez dugu aukerarik izango», esan zuen Alain Pochat entrenatzaileak.
Zelaiaren egoera ere kontuan hartzekoa izango da. Atzo ilunabarrean izan zen errugbi partidak dezente kaltetuko zuen berdegunea. Horrek, ordea, euskaldunei ez die inongo minik ematen, astean zehar garbi utzi baitute zelaiaren egoera zenbat eta okerragoa izan, hori etxekoen aldekoa izango dela. Auzia 17.45etik aurrera erabakiko da.
Orain dela hiru urte gertaturikoa denek dute gogoan Baionan
BAIONA Baionan inork ez du ahaztu orain dela hiru urte gertaturikoa. Orduan, zuri-urdinek Lehen Mailako bi talde utzi zituzten bazterrean eta azkenean Paris Saint Germainek kanporatu zituen Parisen 2-0 irabazita. Avironek, hasteko, Niort, Bigarren Mailako taldea kanporatu zuen, kanpoan 1-2 irabazi ostean. Gero, Guingamp etorri zen Baionara eta partida eder baten ostean Avironek aurrera egin zuen penaltiei esker. Girondinsek ere galdu egin zuen Baionan 1-0 eta azkenik, PSG egokitu zitzaion. Baionan jokatu behar zen partida, baina ez zioten utzi. Gero Donostian jokatu nahi izan zuten, baina ez zioten utzi, eta azkenean Parisen kanporatu zuten Aviron.
|