- ACB Liga
Bruesak arnasa emango dion garaipena nahi du Pamesaren aurka
DONOSTIA Lehenengo itzulia amaitzeko bi partida baino falta ez diren honetan, Bruesa GBC taldeak, arnas apur bat emango dion garaipenaren bila, Valentziako Pamesaren aurka du hitzordua Illunben, eguerdiko 12.15ean, ETB1ek eskainia .Azkeneko bost neurketak galdu dituzten arren, ligako azken bi postuetan dauden ViveMenorca eta Grupo Capitol Valladolidengandik ihes egiteko parada ezin hobea dute Porfi Fisacen mutilek. «Pamesaren aurka irabaztera beharturik gaude. Ekainean gainditu ez ditugun azterketak orain, irailean, gainditzea dagokigu», aitortu zuen Bruesa GBCko entrenatzaileak partidaren aurreko prentsaurrekoan. Gaur eguerdirako, ordea, zenbait jokalari kili-kolo izango ditu talde donostiarrak. Hala, Devin Davis jokatzeko moduan izango ote den ez da azken ordura arte erabakiko, izan ere, bizkarrean izan dituen arazoak berritu zaizkio. Nacho Ordín antolatzaileak, aldiz, giharretako arazoak izan ditu, baina litekeena da Illunben izatea. Azkenik, David Doblasi orkatileko zaintiratuak arazoak eman dizkio, baina badirudi kantabriarra jokatzeko moduan dagoela.
Kopari begira
Alabaina, gipuzkoarren aurkaria ez da nolanahikoa. Valentziako Pamesa taldeak zarabandaka ekin zion ligari, baina Fotis Katzikaris entrenatzaile greziarraren eskutik gorantz egin du. Uneotan ligako zortzigarren postuan dago talde valentziarra, zortzi garaipen eta zazpi porrot dituela. Oraindik ez du Kopan jokatzeko txartela eskuratu ordea, Granada, Fuenlabrada eta Bartzelona garaipen bakarrera dituelako. Lan zaila, beraz, donostiarrentzat.
|