Atarrabia kalera
Datorren otsailaren 1ean, Txuma Puy Lekunberri gure bizilagunak ezarri zioten kondena beteko du eta entregatua izanen da. Gaur egun Uzercheko (frantziar Estatua) kartzelan dago. 8 urte pasa ditu Frantziako beste hainbat kartzelatan, bertan jasandako tratua oso gogorra izan da, egunean 22 orduko inkomunikazioa edo bis a bis intimoa izateko eskubidearen ukapena adibide oso argiak dira.
Nahiz eta Txumak espainiar Estatuan inolako akusaziorik ez duen, otsailaren 1ean Guardia Zibil edo Polizia Nazionalaren eskuetan geratuko da, horrek ekar ditzakeen arriskuekin, batez ere, inkomunikazioa. Egoera horretaz baliatuz, torturatzaileek bidea libre dute autoinkulpazio baten bidez Txu- marentzat beste kartzela zigor bat lortzeko. Hau ekiditeko seguruenik Txumak gose greba egiteari ekingo dio.
1996. urtetik Atarrabiako 19 lagunek salatu dute polizi etxeetan jasandako torturak.
Bestalde, otsailaren 8an hasiko da Madrilen, Pablo, Oskar eta Jabu gure bizilagunen eta beste zortzi pertsonaren aurkako epaiketa. Duela 11 urte atxilotu eta torturatu zituzten eta epaiketako froga nagusia tortura bidez lortutako autoinkulpazioak dira. Gure bizilagunei 56, 41, eta 15 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete. Entregak, epaiketak, presoen egoerak, eguneroko jarraipen eta kontrol polizialak eta beste hainbat eskubideren zanpaketak argi eta garbi islatzen dute gure herrian ez direla baldintza demokratikoak bermatzen.
Egoera honen aurka, urtarrilaren 19 eta 20an Uzerchera martxa bat eginen dugu eta 27an Atarrabian 17.30ean eginen den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatzen diogu Atarrabiako herriari.
Entregarik ez!! 8/97 epaiketari ez!! Baldintza demokratikoak!!
Ioseba Lima Pagola - Atarrabiako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean
Nora heldu nahi du Ibarretxek?
Honekin ez dut esan nahi, ez dudala uste ETAren atentatu hori ez zela gertatu behar. Baina argi dago lehendakariaren helburua ez dela eztabaida, baizik eta apartheid egoeran uztea ezker abertzalea. Ostegunean, Barrenak eta konpainiak manifestaziora joan behar zutela esan zutenean, Ibarretxe larritu egin zen, berak ez baitu nahi ezker abertzalea joaterik, horren adibide, PSE-EEren partetik jasotako presioaren ondoren leloaren aldaketa. Ez duzue uste lehendakariari eta argiago Josu Jon Imazi, ondo datorkiela Batasunaren ilegalizazioa, presoen sakabanaketa, autodeterminazio ezintasuna, 18/98 auzia, de Juanaren espetxe zigorra, amnistiaren aldeko manifestazioa bertan behera uztea karga polizial baten ondoren, euskaldunen ezintasuna sortzea eztabaidarik ez duelako ahalbidetzen...
Jakin ezazu, lehendakari jauna, ni ere sentitzen naizela 18/98 auziaren barnean, orduan, nahi baduzu, ni ere auzipetu nazakezu!
Jon A. Lerin - Ermua
|