GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-15
Berak eta Lesakak Zubieta, Pikabea eta Saralegi agurtuko dituzte saminak jota
Bazkalondoan iritsi ziren Euskal Herrira herenegun Taillon mendian hil ziren Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea beratarren eta Xabier Saralegi lesakarraren gorpuak. Senide, lagun eta herritarrak zain zituzten. Berako kiroldegian jarri zuten gazteen hil kapera eta arratsalde guztian makina bat lagun bertaratu ziren, baita arratsalde erdian egindako omenaldira ere. Hiru mendizaleen aldeko hileta elizkizunak gaur egingo dituzte Beran eta Lesakan.

DONOSTIA

Taillon median amildu eta hil ziren Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea beratarren eta Xabier Saralegi lesakarraren hilotzak bazkalondoan iritsi ziren atzo Euskal Herrira.

33 eta 32 urteko hiru gazteak larunbat goizean hil ziren Pirinioetan Taillon mendia (3.144) igotzen ari zirela irrist egin eta 300 bat metrotik amilduta. Dirudienez, hirurak ilaran ari ziren igotzen eta lehenak irrist egin eta beste biak eraman zituen aurretik. Erreskate zerbitzuek euren gorpuak eskuratu eta Tarbeseko gorputegira eraman zituzten. Hasiera batean gorputzak gaur iritsiko zirela uste zuten, herriratzeko egin beharreko tramiteek denbora eskatzen zutelako, baina azkartu eta atzo eguerdian Tarbesetik abiatu ziren bertaratutako lagun eta senideez lagunduta.

14.15 ziren hiru gazteen hilotzak jaioterrira iritsi zirenerako. Senide, lagun eta herritarrak zain zituzten eta hil kapera kokatu behar zuten Berako kiroldegiaren parean bildu ziren hainbat eta hainbat. Lehen omenaldi gisa aurreskua dantzatu zieten hiru mendizaleei. Ondoren, beren lagun eta senitartekoek kiroldegi barrura sartu zituzten hiru gazteen gorpuak eta bertan jarri zuten hil kapera.

Arratsalde guztian Berako eta Lesakako hainbat bizilagun bertaratu ziren kiroldegira hiru mendizaleei azken agurra emate aldera; izan ere, bi herrietan handia da heriotza honek eragindako samina, ezagunak baitziren oso Zubieta, Pikabea eta Saralegi. Gainera, oraindik ere oso presente dago iragan den astean Anayeten bizia galdu zuen Unai Etxeparere lesakarraren heriotza.

Arratsaldeko seiak aldera, omenaldia egin nahi izan zieten hildako mendizaleei, eta hala, abesbatzaren doinuak, Estitxu Fernandez eta Julen Zelaietaren bertsoak eta hitz goxoak eskaini zizkieten. Edurne Pasaban mendizaleak ere ez zuen omenaldirako okasioa galdu nahi izan bere mendilagunei agurra emateko. Mendizale tolosarra eta Asier Izagirre Bortzirietako hiru gazteekin batera zeuden zorigaiztoko ezbeharra gertatu zenean.

Hil kapera zabalik egon zen gaueko bederatziak arte. Ordu horretan gazteen gorpuak beilatokietara eraman zituzten, Luis Mari Pikabea eta Xabier Zubieta Berakora, eta Saralegi Lesakakora.

Hiru gazteen aldeko hileta elizkizunak gaur egingo dituzte. Zubieta eta Pikabearen aldekoak, arratsaldeko lauretan Berako San Esteban parrokian eta Saralegiren aldekoa, berriz, 18.00etan Lesakako San Martin elizan. Ondoren, hiru mendizaleen gorpuak erraustea da familien asmoa.

Saralegiren adiskideek azaldutakoaren arabera, lagunaren errautsak Aiako Harrian zabalduko dituzte, «berak zerbait gertatuz gero hori egiteko» eskatua baitzuen. Omenaldien harira, Berako jarduneko alkate Jon Abrilek atzo adierazi zuenez, «baliteke datozen asteetan omenaldi instituzionalen bat antolatzea» hildako mendizaleen alde.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
«Errauste planta ez Zubietan ez inon»
Jendartea
Berak eta Lesakak Zubieta, Pikabea eta Saralegi agurtuko dituzte saminak jota
Euskal Herria
«Con el ‘caso De Juana’ está en juego la definición de la libertad de expresión»
Kirolak
Los rojillos sí que fueron «machotes»
Kirolak
El Athletic se queda sin poder salvar un punto ni de penalti
Kirolak
Alvarez Izquierdo deja al Racing lejos de la pelea por la salvación
Euskal Herria
Gobierno y ETA celebraron varias reuniones oficiales desde marzo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss