Mikel Aramendi
Mikroarreta
Arestian Bakearen Nobel saria jaso duen Muhammad Yunus-engatik edota aldian aldiko istripu beldurgarri horiengatik ez balitz, seguru asko Bangladesh existitu ere ez litzateke egingo gure informazioaren munduan. Ozeano Bareko irlatxoez osaturiko mikroestatu horietako baten paretsuko arreta eskaintzen zaio Yunusen mikromaileguen sorlekuari gure artean (azkenaldian, Fiji maizago aurki dezakegu albistegietan, bertako krisi politikoa dela-eta). Zergatik ote munduko zazpigarren potentzia demografikoa kuantitatiboki eta lehenengoa kualitatiboki dena (Errusiak baino biztanle gehiago Greziarena bezalako hedaduran: ia mila gizaki kilometro koadroko; 150 milioi biztanle egun, 300 milioi izango dira 2035ean) horren albiste iturri urria izatea? Ez noski hizpide izan daitekeenik ez dagoelako bertan. Egundoko krisi politikoan murgilduta dago Bangladesh azkenaldian, adibidez. Independentziaz geroztiko kontraesanak erabat oldartu dira 2001eko hauteskundeen ondotik. Orduan, milioi erdi botoren aldeagatik (baina hautetsien gehiengo oso zabala bereganatzen zuela), BJD alderdi nazionalista eta liberalizanteak irabazi egin zion Awami Liga sekularista eta sozializanteari. Eta Khaleda Zia, Ziaur Rahman jeneral zenaren alarguna, lehen ministro bilakatu zen, islamistekin aliantzan. Aldiz, Hasina Wajed, Mujibur Rahman zenaren alaba, oposiziora pasatu zen. Baina, «normaltasunetik» oso urruti, iraganeko arazoak (Mujibur, independentziaren heroiaren hilketa erabat argitzeke eta kitatu gabe dago 30 urte geroago) ez ezik, gaur-gaurkoak ere pilatu dira bost urte hauetan: Awami Ligako hainbat buruzagi hil dituzte pistolariek, adibidez. Urrian, Khaleda Ziak dimisioa aurkeztu zuen eta urtarrilaren 21erako hitz emandako hauteskunde bitarteko agintea lehendakariaren eskuetan geratu zen. Haren inpartzialtasuna, ordea, arbuiatu egin du Awami Ligak, boikot mehatxua eginez. Kale istiluak gero eta gogorragoak izan dira hiri nagusietan, eta begirale moduan joandakoek ere erretiratzea nahiago izan dute. Azkenean, Iajuddin Ahmed lehen- dakariak setio egoera ezarri, gobernua Yunusen laguntzaile baten eskuetan utzi eta hauteskundeak atzeratzea erabaki bide du. Mendebaldeko hedabideetan, lerro bakan batzuk lortu ditu berriak. Pobreak ez dira albiste. Aberatsei arazoak sortzen hasten ez diren bitartean behintzat. -
|