- Urrezko Aizkora (Binakakoa)
Lehiaketa honen etorkizuna airean dago
DONOSTIA
Urrezko Aizkora aurten nola amaituko den oraindik erabakitzeko dago, izan ere, Miel Mindegiaren eta Joxemari Olasagastiren lesioek erabat aldatu baitituzte Urrezko Aizkorako gorabeherak.Orain arte garbi geratu da Mindegiak eta Senosiainek osatzen zuten bikoa bertan behera geratuko dela, Luixmari Bengoa antolatzaileak GARAri aditzera eman zionez: «Mindegia ez dago lehiaketa hau jokatzeko moduan, eta Antonio Senosiainek, berriz, Mindegiarekin ez bazen ez zuela parte hartuko esan zuen, eta beraz, kanpoan geratuko da», adierazi zuen. Besteekin zer gertatuko den oraindik ez zegoela seguru esan zuen: «Olasagasti ez dakit osatuko den edo ez. Ez da denbora asko geratzen, eta zain gaude. Osatzen baldin bada, multzo honetan saio bakarra jokatuko da, eta gipuzkoarrak Nazabal-Lopez bikotearen aurka neurtuko dira multzoko lehen postua erabakitzeko, nahiz eta biak finalerdietarako sailkatuta egongo diren. Olasagasti ez bada osatzen, Lopez-Nazabal bikoa bakarrik geratuko da multzo honetan, eta finalerdietan beste multzoko bigarrenaren aurka jokatuko dute, Mugertza eta Arrospideren aurka, alegia, eta beste multzoan lehen postuan geratu direnak, Larretxea eta Barberena, finalerako sailkatuta geratuko lirateke, baina hau guztia ikusteko, oraindik, asko ez bada ere, apur bat itxarongo dugu», esan zuen. Kolpatuak ordezkatzeko asmorik ez duela ere baieztatu zuen Luixmari Bengoak: «Ez. Egia esan ez. Uste dut biko orekatuak jarri ditugula, eta ez dugu hori apurtu nahi izan, bestela alde handiak izan baitaitezke amaieran, eta hori ekidin nahi izan dugu. Min hartutakoak ez badira osatzen, lehen aipatu bezala geratuko dira», aitortu zuen Luixmari Bengoak. Orain arte lehen multzoak bakarrik jokatu du. Larretxea eta Barberena izan dira multzoko onenak, eta Arrospide eta Mugertza sailkatu dira bigarren. Bi biko horiek finalerdiak jokatzeko sailkatua daude. Txapartegi eta Etxebeste, berriz, kanpoan geratu dira, jokatutako bi saioak galdu egin baitituzte. Beste multzoa, berriz, airean dago.
|