«Agian» filma datorren astean estreinatuko dute
·Basterraren pelikulan Mendizabal, Valverde, Rueda eta Uribe agertzen dira
Arkaitz Basterrak zuzenduriko lana Euskal Herriko zinema areto gehienetan emango dute hilaren 26tik aurrera. «Agian» filmak Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Kirmen Uribe, Mikel Valverde eta Rafa Rueda ditu protagonista, eta 2003an artistek New Yorkera eginiko bidaian du oinarria.
GASTEIZ
Lehendabizi Donostiako Zinemaldian eta atzo Gasteizko Guridi zinemetan, “Agian” filmaren emanaldi bereziak egin dituzte. Hala ere, Arkaitz Basterra bizkaitarra 2003tik grabatzen aritu den pelikula urtarrilaren 26tik aurrera Euskal Herriko zinema areto komertzialetan emango dute.
Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda, Mikel Valverde eta Mikel Urdangarin artistek 2003an New Yorkera egin zuten bisita du abiapuntutzat gasteiztar gaztearen filmak. Duela hiru urte poesia eta musika saio batzuk emateko asmoz boskoteak Estatu Batuetara bidaiatu zuen. Bertatik, “Zaharregia, txikiegia agian” proiektua sortu zen. Arkaitz Basterrak Enpresa ikasketak bukatu zituen, eta Madrilen eta Bilbon banka sektorean urte batzuetan lan egin ondoren, zinema zuzendaritza ikasketak egin zituen New York Film Academy eskolan, 2003an. Ordutik “Agian” film luzean lanean aritu da.
«New Yorkeko auzo batean sartzen dira dio Kirmen Uribe poetak ‘Agian’ filmean. Beraz, zer dauka auzo baten sartzen den komunitate batek eskaintzeko munduari ala munduaren zentroa den hiriari?». Filmak laurogei minutuko iraupena du guztira. Kirmenen galderari erantzuteko parada nahikoa.
Basterraren ibilbideari dagokionez, alde batetik, duela gutxi Vojtech Jasny zinemagile txekiarrari buruzko dokumental luze bat filmatzen hasi da, eta, bestalde, egun hirugarren film luzea izango den fikziozko pelikula baten gidoian ere lanean ari da zuzendari gaztea.
|