Alde txar asko dauka zahartzeak. Ongi dakit.Onen bat ere badu, ordea. Kondaira uste baino maizago errepikatzen denez, berri itxurapean plazaratzen eztabaida zaharrak, nire adinekooi behintzat «du déjà vu» kutsu nabarmenaz gauzaturik agertzen zaizkigu.
Bortxaren arazoa da horietako bat, bortxaren monopolioaren gorabeherak. Edo «violentos vs. demócratas» dikotomia famatua.
Gu gazte ginenean garbi gelditu bide zen bi bortxa mota daudela: bata, arrunta, uniformerik gabe pratikatzen dena; eta bestea, berriz, instituzionala, uni- formez jantzirik eta legetasunaren izenean pratikatzen dena.
Orain, aldiz, polemika haien emaitzak ahaztu; eta bigarrenaz ez da zipitzik esaten.
Bortxaren monopolioa, ordea, Estatuak dauka. Eta gizartea gidatzen duten testurik gorenetan aldarrikatzen da.
Has gaitezen 1978ko Konstituziotik.
«149. Art.: El Estado tiene competencia exclusiva sobre las siguientes materias... 1.4: Defensa y Fuerzas Armadas».
Bortxaren erabilpena Estatuari ez besteri dagokio.
Zein helburutan? Garbiki aldarrikatzen da: «Art. 8. 1 Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional».
Nork dauka eskubiderik antolakuntza hori finkatzeko? Espainiar herriak: «La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles» (Art. 2).
Horren ondorioz euskaldunok ez gara nazio bat (katalanak eta galiziarrak ere ez, bidenabar). Eta Estatua zatikatzeko projektuak oro gaitzesgarriak dira arrunt.
Hain zuzen ere: «los españoles tienen el derecho y el deber de defender a España» ( Art. 30.1).
Guk, «erregio bat» garenez, «autonomia» eskuratzeko eskubidea dugu (Art. 2), baina Estatuak nahi duen heinean bakarrik; Espartero Jeneralak 1839an euskal karlistei inposatu zien «sin perjuicio de la Unidad Constitucional» delakoaren bidetik.
Horra hor Hego Euskal Herrikook harrapatuta gauzkan legetasuna. Iparraldean berdintsu.
Horra hor kaiola.
Abertzaleok, ordea, kaiolatik irten nahi dugula aldarrikatzen dugu. Edozein herriri (eta Euskal Herriari ere bai, beraz) dagokiola Auto-Determinazio eskubidea. Eta 1978ko Konstituzioak eskubide horren gauzatzea ezinezko bihurtzen duenez, bidezkoa dela euskaldunok zapuztea.
Hemen sortzen da gure gizartearen erdibiketa.
Arrazoin desberdinengatik, errejionalistek kaiola onartzen dute, maite ere bai. Guk, aldiz, berrehun urte honetan legetasun horrek nora eraman gaitun ikusita, Auto-Determinazioa eta Independentzia eskatzen dugu.
Errejionalistek, funtsean, disimulutan batzutan, gabe bestetan, 1978ko Konstituzioa hartu dute beren politikagintzaren ardatz. Eta abertzaletasuna bihurtu dute etsai nagusi.
Gaur PNVaren erremalak daramatzan hirukoteak (Imaz, Urkullu, Amatiño), Konstituzioa orpoz orpo jarraitzera deliberaturik, «beste Estatutu bat» aldarrikatzen du Baskongadentzat. Eta kitto.
Ibarretxe Plana, kontsentsuaren izenean, alde batera uzteko prest daude, baita Ibarretxe bera etxera bidaltzeko ere. PSOEk Ibarretxeren amaia eskatzen du lotsarik gabe. Baina Imazen la- gunek ere gauza bera, eta CiUren euskal kopiarekin egiten dute amets. Hori dela-ta, lehendakariaren aldaketa aurkirako iragartzen dutenak ez dira urri.
Manifestazioaren inguruko itzulipurdietan askok somatu du Imazen eskua.
Ibarretxek jasan behar izan zuen «Portazo» famatuaren ondoren, bigarren Ardanza bat nahi dute, eta Ajuria-Enea bis.
Ezker abertzalearen etengabeko salaketa, horretara, guztiz kaltegarritzat daukate.
Eta «banda»ren aipamenak hasi dira entzuten behar baino gehiagotan «gure» media autonomikoetan. Kalean behar luketen 120 presoak hor daude, ordea. Eta De Juanaren jokabide miresgarriak larrugorritan uzten ditu dilista plater baten truke eskubideez «ahazten» diren guztiak. «Banda»ko jende hori harrigarria da erabat.
Azken irtenbidea negoziaketa eta elkarrizketa izango denez, bi bortxa moten amaia eskatzea bidezkoa da. Eta irainen amaia ere bai.
Nola uler daiteke, horretara, Josu Jonen lagunek ezker zbertzalea bat-batean «ezker radikala» bihurtzea? Zergatik militante miresgarrien abertzaletasuna izkutatu nahi hori? «Sólo JEL basta» berriz ala ?
Hizkera mingarri horiek aldatuko ez direno, bat baino gehiagok proposatuko dute gu ere «Partido Norteño Vascongadoaren bozeramailea»z mintzatzea.
Bide horretatik norat ari, ordea?
Guk kaiolatik irten nahi dugu. Beste batzuk ez. Eta hori da koxka. -