BAIONA
Euskal Herriko hamasei eta hogei ikerlari artean elkartu dira Baionan azken bi egunotan lurralde antolamenduari buruzko ikuspegi orokor bat jorratu nahian. Zuzenbide irakasleak, soziologoak, antropologoak, euskal filologia irakasleak eta historialariak izan ziren, besteak beste, jardunaldi horietan. Ikerkuntza sail ezberdinetako ordezkariak bilduz, antolatzaileen xedea gai horri buruzko ikuspegi oso ezberdinak aztertzea izan da bere «konplexutasuna eta aniztasuna» azaltzeko.
«Gure xedea ikerlari talde hori indartzea da, gerora mugaz gaindiko ikerkuntza laborategi iraunkor bat osatu ahal izateko», esan zuen Eguzki Urteaga Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde, soziologo eta jardunaldien antolatzaileak.
Hain zuzen, 2004an bildu ziren lehen aldiz Paueko, Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateetako ikerlari horiek.
Esperientziaren lehen urratsa egiteko mahai-inguru bat antolatu zuten urte hartan.
Hiru urtez bilkurak egin ondoren, azken bi egunotan Baionan iragandako bigarren mahai-ingurua egin dute. Bertan aipatutako guztiak artikuluen bidez argitaratzeko asmoa zeukatela argitu zuen antolatzaileak eta, ondotik, Euskal Herri osoko agintariei bidaliko dizkietela esan zuen.
Esperientziak trukatu
«Gure ikerkuntzek politika publikoak osatzeko orduan eragina izatea nahi dugu», argitu zuen Urteagak.
Izan ere, Baionan bi egunez elkartu diren ikerlarien ustez, posible da «mugaren bi aldeetan» egiten diren lurralde antolamenduaren politiken arteko laguntza bultzatzea.
Urteagak iritzi hori zehaztu zuen: «Ipar Euskal Herrian erakunde maila apala da, baina, aldiz, gobernagarritasun maila altua sindikatu, elkarte eta beste eragileak elkartzea lortu baitute. Hego Euskal Herriko egoera guztiz aurkakoa da. Erakun- de maila altua da, baina gobernagarritasuna, apala. Ez da adostasunik bilatzen, eta Hego EuskalHerriko gizartea goi-mailakoa izan arren, arazo sozialak ere oso handiak dira».Horiek azaldu ondoren, EAEn eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oso erritmo kontrakoak zeudela nabarmendu zuen soziologoak.
Baina, bi alderdietan bideratzen diren esperientziak oso lagungarriak izan daitezkeela adierazi zuen. «Zoragarria litzateke mugaren bi aldeetan bideratzen diren esperientziekin elkarri laguntzea bideratzea, gobernagarritasunaren eta erakundearen artean oreka atzeman ahal izateko», gehitu zuen.
Horiek horrela, sortzekotan diren hogei bat ikerlari elkartuko dituen mugaz gaindiko laborategi horren lana politika publikoak bideratzeko orduan oreka bat atzemateko ildoak ematea litzateke.
«Gaur egun taldea indartzen goaz. Mugaz gaindiko laborategi bat osatzearen ideia oso esperientzia berria da, beraz, taldea egonkortu behar dugu, edozein gai jorratu ahala izateko», nabarmendu zuen berriz Urteagak.
Egonkortze prozesu horretan daudela-eta,ondoko urratsa ikerketa proiektu berria definitzea izango zela gehitu zuen jardunaldien antolatzaileak. Horrek irailerako prest izan beharko luke, eta 2008a bitartean landuko lukete.
Bien bitartean, Akitania Euskadi fondoak finantzatzen du taldea.