Hendaiako Bixintxoak
Loroa lepoan heldu zen Pellot pirata
Pellot pirata iritsi zenean hasi ziren, urtero legez, Hendaiako Bixintxoak. Kaneta portura ailegatu zen itsaslapurra neskatxaren bila, eta handik, biak elkarrekin, hiriko ikastetxe guztietako haurren martxak lagunduta, herriko etxera joan ziren bestei hasiera ofiziala emateko. Kantuen eta danborren soinuekin jantzi zituzten haurrek Hendaiako karrikak.
Ene! bere loroarekin eta guzti dator», esan zuen miretsita Kanetako portuan zeuden ehunka haurren artean zegoen bost urteko neskato batek. Pellot itsaslapurra memento horretan itsasontzian zegoen, portuan itzuliak ematen, haurren begiradapean.Gaztetxo guztiak txundituta zeuden itsasotik zetorren Pellot handiari begira. Gazteenek Pellot heroiaren balentria eta indarraren tamaina zuten hizpide. «Ziur naiz hemendik uretara eroriko banintz, nire bila etorriko litzatekeela», adierazi zuen neskatila batek. Hala ere, hori gertatzeko aukera gutxi zegoen, gurasoak etengabe begira baitziren, haurren mugimendu guztiak zaintzen eta haiek argazkietan hartzen. Ume helduagoak Pelloti begia ezin kenduz bazeuden ere,
bestelako ikuspegiak zituzten hizpide. «Ziur naiz nik Pellot irabazi ahal izango
nuela», adierazi zion, harroputz, hamar urteko mutil batek lagunari, besteak
irri egiten zuen bitartean. Hitzak hitz eta irriak irri, Pellotek itsasontzia
utzi zuen, eta portura heldu zenean ausartenak bakarrik joan ziren
itsaslapurrari eskua ematera. Haren inguruan algarak ziren nagusi; korrikaldi
anitz ere izan zen gurasoei azken berriak kontatzeko. «Ama! Pellotek eskua eman
dit», zioen batek; besteak, berriz: «Agurtu egin nau, eskuarekin agurtu nau».
Haurren martxa
Portuan ehunka haur zituen zain Pellot buruhandiak. Ikastolako eta eskoletako haurrak itsaslapurrez mozorrotuta eta beste asko familiarekin ikuskizunaz gozatzeko prest joanak ziren. Denen artean, Hendaiako Gure ikastolako Noelia eta Unai aukeratu zituzten Pelloten eta bere neskatxaren papera egiteko eta buruhandiaren ondoan desfile guztian joateko.Aurten, hiriko ikastola izan zen kapitaina, eta zozketaren bitartez, bosgarren mailako bi gaztetxoak aukeratu zituzten protagonista. Biak zein baino zein urduriago zeuden jende guztia begira zutelako, baina poz-pozik, festako pertsonaia nagusiak izateagatik. Ikastetxe bakoitzak bere jantziak eta pertsonaiak asmatuak zituen. Zentro bakoitzak bi protagonisten atzetik danbor-jotzaileak, argi-eramaleak (kandelekin) eta, nola ez, altxor- eramaleak zituen. Denek elkarrekin danborrei jarraituz «Pello eta neskatxa» abestu zuten martxa guztian. Herriko etxera ailegatzean, Kotte Ezenarro auzapezak 1797. urtean gertatuko istorioaren berri eman zien plazan bildutako ehunka pertsonari. XVIII. mende bukaera horretan, Pellot itsaslapur ausarta Donibane Lohizuneko Labruche jaunak eginiko zortzi kanoiko itsasontzi batean irten zen itsasora 40 gizonek lagunduta. Portugalera bidean, Britainiako merkantzia-ontzi bat ikusi zuen. Baina azken horrek 16 kanoi zituenez, Pellotek abordatzea izan zuen aukera bakarra. Euskaldunek irabazi bazuten ere, hurrengo egunean britainiarrek preso hartu zituzten. Hala ere, laster ihes egin zuen pirata handiak, eta geroztik urtero Hendiako portura joaten da hiriko bestei hasiera emateko. Aurten ere, jai hasiera ekarri zuen Pellot piratak, eta bi asteburu iraungo dute. Haur, gazte eta helduen garrasi, danbor kolpe eta txaloen artean jaso zituzten auzapezak balkoitik esan zituen hitzak: «Aupa Bixintxoak! Aupa Hendaia! Besta on!». Bixintxoak ofizialki hasita, denak besta egitera joan ziren herriko plazatik. Beltzenia pilotalekuan haurrentzako patata tortilla txapelketa izan zen, eta ondoren gorputzei erritmoarekin astindu bat emateko dantzaldia izan zen. Haurren egunaren ondoren, gaur izanen da helduen martxa eta eguna, Danborrada eta Bixintxotx sagardotegi afaria.
|